'Euskaraz bizi nahi dut' film labur lehiaketearen epai-mahaia osotu da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 13a, 00:00

Kontseiluak Donostia Zinemaldiaren kolaborazinoagaz antolatutako Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketearen laugarren edizinoak dagoeneko badauka epai-mahaia. Donostia Zinemaldiko zuzendaritzako kide Maialen Beloki eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaogaz batera Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta produktoreak osotuko dabe aurten epai-mahaia.

Jon Garañok Kazetaritza eta publizidadea ikasi eban Euskal Herriko Unibersidadean, eta zinemea Saroben eta San Diegon (AEB). 2001ean, beste lau lagunekaz Moriarti produkzino etxea sortu eban eta ordutik bertan dabil lanean zuzendari edo gidoilari lez. Jon Garañoren film laburrek 100 sari baino gehiago irabazi ditue eta dokumentalak, barriz, ia hogei herrialde desbardinetako telebista kateetan ikusi ahal izan dira. Besteak beste, Lucio eta El método Arrieta film dokumentalen produktore eragilea izan da edo 80 egunean eta Loreak filmen gidoilari eta zuzendari Jose Mari Goenagagaz batera.

Maialen Beloki Nafarroako Unibersidadean (Iruñea) Ikusentzunezko Komunizazinoan lizentziau zan 2002-2005 urte bitartean. Zinema teoria, analisia eta dokumentazinoan doktorea (Entre Antonio y Antxon Eceiza. Cine y política tesi doktorala) Euskal Herriko Unibersidade Publikoan, Leioa, 2006-2010. Dokumentazino eta Film Departamentuko, Zinema Ikasleen Nazinoarteko Topaketako eta Zinemirako arduraduna da Donostia Zinemaldian. 2012. urtean, Hautespen batzordeko kide izentau eben, eta 2013tik Zuzendaritza Batzordeko kidea be bada. Komunikazino irakaslea HUHEZIn (Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea), Arrasateko Unibersidadea. Pausa aldizkari elektronikoan kolaborazinoak egin ditu eta Antxon Eceiza, cine existencialismo y dialéctica (Jesús Angulo, Maialen Beloki, José Luis Rebordinos, Antonio Santamarina, Euskadiko Filmategia, 2010) liburuan parte hartu dau. Film laburren hautaketa batzordeko kide izan da euskal film laburrak nazinoartean sustatu eta banatzeko Eusko Jaurlaritzearen Kimuak programan (2012, 2013).

Paul Bilbao, barriz, Filosofia eta Letrak-Euskal Filologian lizentziatua da Deustuko Unibersidadean. Hizkuntza Plangintza eta Giza Eskubideetan Unibersidade Aditua gradu-ondokoa Euskal Herriko Unibersidadean. Hizkuntz Eskubideen Behatokian hasi zan 2001ean eta 2004an bertako zuzendari izentau eben. 2010etik Kontseiluko idazkari nagusia da. ELEN-European Language Equality Network-eko lehendakari-ordea da eta erakunde horren eta NBEren arteko harremanen koordinatzailea da. Euskal PEN Klubeko Itzulpengintza eta Giza Eskubideen Batzordeko arduraduna da.

Euskaraz bizi nahi dut dinamikeak eta ondorioz bere barruan lantzen diran proiektu guztiek (tartean film laburren lehiaketak), alkarlana sustatzea dabe helburuetako bat. Horri jarraituz, aurtengo edizinoa, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Bilboko Udala, Berria egunkaria, Argia aldizkaria eta Hamaika telebistaren laguntzinoagaz egingo da.

Lehiaketea bi kategoriatan banatuta dago aurten be, profesionalena eta amateurrena. Euskaraz bizi nahi dut idea kontau beharko dabe laburrek. Idea hori lantzeko, egileak nahi dauen generoa erabili leike. Lanak, abuztuaren 24ra bitartean bialdu daitekez.

Lehiaketako lanik onenak, irailean, Donostia Zinemaldiaren barruan egingo dan galan proiektauko dira. Horrezaz gan, aurreko urteetan egin dan moduan, beste hainbat lekutan be proiektauko dira eta interneten be ikusgai izango dira.

Informazino gehiago hemen.

Osorik irakurri