Kanpoko persona-izenen eta izen mitologikoen grafia arautzeko langintzearen barruan, bigarren araua argitaratu dau Euskaltzaindiak: 176. araua (Antxinateko persona-izenak eta izen mitologikoak (II). Antxinateko Egipto).
Antxinateko Egipto 3.000 urtetik gora iraun eban zibilizazino bat izan zan, eta zibilizazino horren persona eta jainko-jainkosa nagusien izenak ezagunak jakuz, Antxinateko Egiptoko zibilizazinoa erreferente kultural garrantzitsua baita, gaur egun, Mendebaldean.
Antxinateko Egiptoko persona-izen eta izen mitologiko nagusiak ez dira bardin idazten hizkuntza guztietan. Horregaitik, beharrezkoa da erispideak ezartzea eta izenik ezagunenen zerrendea eskaintzea, zalantzak argitzeko. Izen horreetako asko eskola-liburuetan, gidaliburuetan edo artelanen izenetan agiri dira, eta dudak izaten dira euskeraz idazteko orduan. Euskeraz zelan idatzi, adibidez, gaztelaniaz Hatshepsut, frantsesez Hatchepsout eta ingelesez Hatshepsut edo Hatchepsut idazten dan erregina ospetsuaren izena? Edo piramideagaitik hain ezaguna dan faraoiaren izena, baldin eta gaztelaniaz Keops eta Jufu, frantsesez Khéops eta Koufou eta ingelesez Cheops eta Khufu idazten bada?
Danetara, 43 persona-izen eta izen mitologiko batu dira arauan. Horrezaz gan azalpen orokor bat eskaintzen da, eta euskeraz idazteko erispideak zehazten dira. Exonomastika batzordeak lantzen dituan lanetan ohikoa dan lez, zerrenda eleaniztun bat emoten da, izen bakotxa euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez zelan idazten dan erakusteko.