Cesc Gelabert koreograforik handienetakoa da jantza munduan. Lekeition izan dau bizileku garagarrileko hamaika egunez eta hainbat eragilegaz alkarlanean Kukaikaxa sortu dau sormen egonaldi emonkor batean. Bertoko tradizinoa eban abiapuntua. Kaxarrankea eta Emakumeen Aurreskua jantza tradizionalak hartu eta gaurkotu ditu. 26. edizio honetako arrakastarik nabarmena, duda barik. Milaka ikusle hunkiturik kaxa gaineko jantzearen moldaketa barriakaz gozetan.
Itsasoz heldu ziran. Lekeitioko badiaren bihotzean hasierako agurrak zabaldu eban ikuskizuna. Talan, itsasoaren urdinez inguraturik, Kukaiko jantzariak oinak arin jarri zituan kofradiako kaxa gainean. Ikusgarria eta zirraragarria. San Pedropetik igaro eta plazan berrogei emakumezko jantzarien jolasak eta jantzak. Begirada barritzailearen bidez tradizinoa garaikide bihurtu zan. Jarraian Max saria eskuratu eban Gelajauziak koreografiaren tarteak Kukaiko jantzarien oin eta eskuetan. Arratiako lurra, Zuberoaren zirkulu hipnotikoa edota Gizpuzkoako sagar giroa jantzen iruditeri erakargarrian. Kukaikaxa goi mailako ikuskizuna izan da eta Lekeitioko hamabigarren produkzino propioa. Sortzen eten barik abiatzen dan jaiadia da gurea.
Frantzian badira kaleko artegintzan buru belarri dabilzan hainbat produkzino gune. Holan sortzen dira arte esperientzia barritzaileak. Barolosolo taldeko artistak zirku arteetan espezialistak dira baina arte hori XXI. mendera ekarri dabe. Ile O ikuskizun originala eta ezohikoa da. Bi musikari eta banda soinu leun eta ederra dira oinarriak baina erabilten dituen elementuek ikuskizun berezia egiten dabe. Uretan bustita dabilen musikariak eta ekilibrioen bitartez uretatik iges egin nahi dauen musikariak antzezlanaren tensinoari eustend eutsie maisutasunez. Lan biribila eta nekez topau daiteke horren erakargarria dan proposamen artistikorik.
Zer eskatzen dau herriak? Sua, sua kalean, erantzun beharko. Foc Ta Ke ikuskizun bikotxa zan. Hasieran Lekeitioko Deabruak Taldea eta jarraian Kataluniako Mussols de Sokarratseko infernuko lagunak. Bi orduko txinparta festa. 5.000tik gorako ikusle gozamenean. Ikuskizun parte-hartzailea. Suagaz harremanetan emozinoa bizten da biziki eta nekez ahazten dan esperientzia gordeten da ikusleen barruan.
Kataluniako herri usadio zaharrak jarraitzaile taldea sortu dau Lekeition. Lekeitioko Deabruak taldeak sekulako mailea eskuratu dau pirotekniaren unibersoan eta konbidau eban Tarragonako taldearen parean kokatzen da. Amaieran talde biek plazea hartu eben eta Lekeitio Bergako Patumen antzera su txinparten erreinua izan zan une batez. Adrenalinea birsortzen dauen kale-arte ikusgarriena. Ezinbestekoa Lekeitioko programazinoan.
Nabarmena da Lekeitioko herriaren inplikazinoa jaialdian. Kukaikaxan lekeitiarren parte-hartzea aitagarria da: hogei bat jantzari, perkusinozaleak, arraunlariak... Lekeitioko Deabruak taldea, barriz, hogeitik gora piroteknia zalez osoturik dago. Horra hor herria antzezle eta kalidadeari jagokonez profesional mailea.
Halan da be, dana ez da jaia Nazinoarteko Jaialdian. Ilunabarragaz batera Markeliñeren Andante lana plazaratu zan. Ibilbide errituala da. Gerraz gerra doan ibilbidea, hain zuzen. Ezkondu barrien ganeko bonbaketea, Europako diktadoreen aginduak, metraileta hotsak... eta lurzoruan zapatak eta zapatak. Musikari batek giro irmoa jarten dau gaita, akordeoi eta txiruleagaz. Maskaren estetika landuak eta mimikearen bidez kontetan dan istorio samurrek ikuskizun eder eta hunkigarria osotzen dabe. Gerrari ez! entzun gendua ozen. Oraindino be gaur beharrezkoa da.
Clown unibersoa itsasoa bezain zabala da. Guk clown barritzaileen esparruan jarri dogu ikusmirea. Hiru bide hartu genduzan edizino honetan. Zozongok clown bildurgarriak plazaratu zituan, Mc Fois italiarrak ikusleakazko konplizidadea bilatzen eban eta Ola Muchin poloniarrak, barriz, txotxongiloaren bidez umore atsegina sortu eban.
Zogongo Gizpuzkoako musikari trebeak dira eta tanborrak hartzen dituenean musika maila handia nabarmentzen da. Pshyco Clown kale-lanak ez dau galtzen erritmoa. Maskarek bildurra sortzen daben bitartean perkusinozale amorratu horreek kapaz dira kaleetan topetan daben uri-altzairien bidez musikea sortzeko. Kolpeen bidez maila goreneko perkusino jazza plazaratu eban. Gaueko kale-lan bikaina.
Mc Fois eta Ola Muchin nazinoarteko umoregileek Abaroa Parkea estreinau eben. Leku zoragarria da kale-antzerkia hurretik biziteko. Amami lanagaz Mc Foisek erraz lortzen dau ikusleakaz komunikazinoa eta sinbiosi horretan sortzen da magia. Zurizko tutuaren barruan gizonezko artistak ez eban huts egin. Benetako magia be bada Ola Muchinen artea. Kukuryku ikuskizun txikia eta apala da baina txotxongilo handiek eta txikiek, trikimailuek eta ezusteek ikusleen atentzinoa bereganatzen dau. Artista gaztea da, hasi barria kaleko eremuetan. Esperientziak metatzen doa.
Edizino honetako espazio barria Arropaingo Arraguan kokatzen zan. Burdinola bateko arragua eta untziola izan zan hangar honetan esperimentazino eta sormen barriaren hitzordu bihurtu zan. Arropaingo Arraguak lau ikuskizun eskaini zituan. Ainara Legardon musikariak gidatzen eban Musiforum tailerrak aho bete hortz itxi gintuan. Musikea sortu genduan ahots eta tramankulu ezohiko batzuekaz. Sonoridadearen ganeko hausnarketa fina zan. Archipiel izena jarri deutsie esperientzia sensorial honi. Bestaldetik, jantza barritzailea ekarri eban Izaskun Lapazak. Ehundurak ikuskizunak jantzearen ikuspuntu barria eskaintzen dau mobimentua elementu eta testuakaz nahasiz. Horrezaz gan, Antonio Remachado enpresaburuaren obsesino neoliberalak jasan genduzan eta Turukutupa taldeak musika tresna birzikaltuak ekarri zituan El Paseo de Criku antzezpenean. Arropaingo Arraguak leku nabarmena egin dau Nazinoarteko Jaialdian. Bide barritzaileen bidegurutzean kokatzen baita.
Esperimentazinoetan be badabil Zanguango talde historikoa. Flujos performance ekarri eban portura. Alfonbra gorri bat kale erdian eta ikusleak aktore bilakatzeko konbita. Pasealekua antzeztoki bihurturik, egunerokoa eraldatzen dauen ikuskizuna.
Eguraldi zoragarria izan dogu lau egun honeetan. Zapatuan jaialdiak sekula izan dan ikusle uriolarik handiena jaso eban Lekeition. Inoiz baino jente gehiago batu da kale-artearen inguruan. 26.000 ikuslek emozino gosez bete zituen Lekeitioko kaleak eta plazak eta 26. edizino honek arrakasta handia batu dau. Hamaika zirrara, hamaika esperientzia... bizitearen grupilean. Mundua eraldatzeko tresna da kaleko artea. Horretan gabiz jotake, urtez urte. Sormenaren itsaso zabal honetan hamaika ikusteko eta hamaika sentiduteko jaio gara eta.
Informazino gehiago hemen.