Aranzadik bolondresak eskatu ditu Lekeitioko Garraitz islan egingo dan auzolanerako

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 15a, 00:00

Aranzadi Zientzia Alkarteak auzolana egingo dau zapatu honetan, garagarrilaren 18an, Lekeitioko Garraitz islako landaretzeak ezkutatzen dituan eraikinak garbitzeko, eta deialdia egin dau nahi daben guztiek hurreratu eta garbiketa horreetan lagundu deien. Hitzordua 10:00etan izango da, Malekoian, eta, itsasaldiak dirala-eta, 16:00etan amaituko da auzolana.

Aranzadik prentsa ohar bidez jakinarazo dauenez, Garraitz islea, San Nikolas izenagaz be ezaguna dana, Lekeitioko badian dago, eta herriko erreferentzia eta euskal kostaldeko ikonoetako bat da.

Isla honetako giza paisajea aztertzeko proiektuaren helburua Garraitzek historian zehar jasan dituan kolonizazinoen memoria historikoa berreskuratzea da. Bertan, kolonizazino horreen aztarnak gelditu dira, besteak beste, XV. mendean eregitako ermita bat, frantziskotarren monasterio bat (1617-1650) eta itsas gotorleku batzuk (XVIII. eta XIX. mendeetakoak).

Aranzadik martxan jarri dauen proiektuaren helburu nagusia islearen berreskurapena da, Lekeitioko paisajean bergizarteratzeko, herriko ondare naturala baita. Auzolanaren garapenerako bizilagunen inplikazino zuzena eskatu da, eta horreek Aranzadiko teknikarien laguntzinoagaz ebidentzia horreek danak berreskuratuko ditue.

Aurreikusita dagozann lanen artean dokumentazino grafiko eta idatzizko bilketea eta landaretzearen garbiketa dagoz. Auzolandegi honetako landa lanak Atabako Kultur Alkarteak koordinetan ditu, Aranzadiren laguntzinoagaz eta Lekeitioko Udalaren eta Bizkaiako Foru Aldundiaren babesagaz.
 

Osorik irakurri