Davina & The Vagabonds taldearen eskutik hasiko da gaur Getxoko 27. Nazinoarteko Blues Jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 16a, 00:00

Getxoko 27. Nazinoarteko Blues Jaialdia gaur, garagarrilak 16, abiatuko da Davina & The Vagabonds taldearen eskutik. New Orleanseko klasikoak, soul eta gospel doinuak eta Chicagoko bluesaren doinuak buztartuko ditu bandeak Algortako Bihotz Alai plazan, 21:00etatik aurrera. Jaialdiaren hurrengo bi egunetan Maceo Parker eta Eric Sardinas jardungo dira, hurranez hurran.

Davina Sowers and The Vagabonds taldeak mundu osoko zaleak liluratu ditu Fats Domino, Preservartion Hall Jazz Band, Aretha Franklin eta Tom Waits eragin nagusi dauen musikea jorratuz. Davina ahots apartari eta agertokiaren gaineko presentziari esker nabarmendu da eta artista ospetsuakaz konparau dabe, esaterako Etta James, Amy Winehouse, Janis Joplin eta Billie Holidaygaz. Baina konparazinoak ez dira nahiko: Sowers benetazko artistea da eta estilo propioa dauka.

Instrumentazinoa da taldearen ezaugarri nagusietariko bat. Sowersen teklatuen erritmoak ganerako instrumentuen ardatza dira eta baxu akustikoa, bateria eta haize-instrumentuen atala batzen ditu. Doinu gardena eta akustikoa da taldearen lehentasuna blues zein jazzari ekiteko, nahiz eta New Orleansen erritmoak gustukoenak izan eta hori guztia Chicagokokoak baztertu barik.

250 saio egiten ditu taldeak bataz beste urtean zehar. Jarduera bizi horrek mundu osoko areto eta jaialdietara eroan ditu, esaterako NewOrleans Jazz and Heritage jaialdira eta Monterreyko jazzaldira, eta horreetan artista eta talde ospetsuakaz ibili dira (The Roots, Pinetop Perkins, Aaron Neville, Gary moore, The Mannish boys, Robert Cray, The The Lonely Boys, Ana Popovic, Booker T and The MGs, Bobby Rush, Irma Thomas, James Hunter...).

 
Funkaren maisua

Jaialdiaren bigarren egunean Maceo Parker funkaren maisua izango da protagonista. Zuzeneko saioetan kalidadea eta dibersinoa dira nagusi eta kotnzertuetan lau hamarkada baino gehiagotan landutako trebezia eta maisutasuna erakusten ditu. James Brown handiaren bandako taldekidea izan zan eta artista eta banda handiakaz ibilitakoa da, berbarako Ray Charles, Prince, De la Soul, Ani DiFranco, Red Hot Chili Peppers, Living Colour, Keith Richards, Bryan Ferry eta Dave Matthews.


Eris Sardinas

2004ko eta 2010eko saio arrakastatsuen ostean, barriro dator Getxora Eric Sardinas, dobroren (gitarra resofonikoa) maisu eta blues eszenaren gitarra-jotzaile bikainenetakoa. Jaialdiaren azkenengo egunean, zapatuan, blues gordina eta bizia eskainiko ditu eta Boomerang bere azken diskoko kantuak aurkeztuko ditu.

Jaialdia borobiltzeko, dobako bi saio izango dira hilaren 17an eta 18an Algortako The Piper's Irish Pub tabernan. Lehenengo kontzertuan, Jackie Revlon abeslariak eta Tano Jao gitarra-jotzaileak joko dabe eta bigarrenean, Willie Endaya & Ernesto Sabas Blues taldearen txandea izango da.

Informazino gehiago hemen.

Osorik irakurri