Abian da Zinebik, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiak sustatzen dauen Zinergentziak proiektuaren bigarren film kolektiboa. Zinebik zinemearen ohiko sustapen zirkuituetatik kanpo geratzen dan ikus-entzunezko sormena nabarmentzen eta hobeto ikusten lagundu nahi dau. Horretarako, ohiko zinema industrialaren parametroetatik aldentzen diran zinemagileak eta artistak aintzat hartzen eta babesten dituan esperimentazino gunea sortu dau.
Oraingo honetan lau izan dira film kolektiboa egiteko konbita jaso daben zinemagile gazteak: Maddi Barber, Jesus Mari Palacios, Cristina Ezquerra eta Aitor Gametxo. Zinergentziak zenbait artistaren alde egindako apustua da, gehienak oso gazteak, baina aurretik be ikus-entzunezko lanetan ibilitakoak. Generoa gorabehera, danak nabarmendu dira kalidade zinematografikoagaitik, begirada personalagaitik zein ekarpen estetikoagaitik. Baina ez dabe, oraindino, ikus-entzunezko industrian sartzeko edo egitura artistikoan lekua hartzeko aukerarik izan.
Oraintxe bertan, lau zinemagileak filmaren edizino lanetan dabiz. Azken emoitzea zemendiaren 14an ikusi ahalko da Zinebi 57 jaialdiaren programazinoaren barruan.
Jesús M. Palacios (Donostia, 1980). Ikus-entzunezko Komunikazinoan eta Giza Zientzietan Lizentziaduna Salamancako Unibersidadean. Hainbat proiektu ikusezin eta amaibakoen ostean Bartzelonara joan zan eta UABeko Sortze Dokumental Masterra egin eban. Lagunarteko proiektuetan argazki zuzendaritzan ibili eta gero, bere lehen filma zuzendu eban, Figura amb Paisatge, Catalunyako Telebistak (TV3) emon eta hainbat jaialditan be sariak jaso zituana. Casa vacía, haren bigarren filma Kimuak 2012 katalogoan izan zan aukeratua. Gaur egun Ur artean bere hurrengo lanaren errealizazino lanetan dabil.
Cristina Ezquerra (Bilbo, 1987). Arte Ederretan Lizentziaduna Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) argazki eta ikus-entzunezko irudi espezialidadean. Ikus artista modura hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu dau, besteak beste, Girls on art (Bilbo 2013), Mugaz beste // Au-Deá des Frontiers (Miarritze 2013), III. Punto eta Marra zine abstraktuko Jaialdia (Madril, 2011) edo Getxoarte 11 (Getxo 2011).
Maddi Barber (Iruñea, 1988). Ikus-entzunezko Komunikazinoan Lizentziaduna Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) eta Arte Zuzendaritzan espezializatua Kubako Zine Eskolan (EICTV). Fabian Suarezek zuzendu barri dauen eta laster estreinauko dan Caballos filmaren errealizazino taldean parte hartu dau eta 2013tik hona Iruñeko diziplinarteko Jazar kolektiboaren partaide be bada.
Aitor Gametxo (Lekeitio,1989). Ikus-entzunezko Komunikazinoan Lizentziaduna Bartzelonako Unibersidade Autonomoan (UAB). Ondoren, Sortze Dokumental Masterra ikasi eban UABen bertan, eta Igone Arreitunandiagaz batera La ciutat tipográfica (2012) bere lehen dokumentala egin eban, zenbait jaialditan parte hartzeko aukeratua izan dana. Ondoren, Maria Elorza eta Maider Fernandezegaz batera (Las Chicas de Pasaik) Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2013) zuzendu eban, 2014. urtean euskarazko gidoirik onenaren saria jaso ebana Zinebin. Ondoren Bere bizietako bat (2103) eta Soinu galduen bila (2013), zuzendu ditu, azken horreek be zenbait jaialditan erakutsiak izan diranak. 2015ean, lehen film luzea estreinau dau, El otro mapa de Abauntz Punto de Vista-Festival Internacional de Cine Documental jaialdiaren X Films atalaren barruan.
Zinebi 57
Aurten, Bilboko Zinebi jaialdiaren 57. edizinoa zemendiaren 13tik 20ra bitartean egingo da. Jaialdian parte hartu nahi izan ezkero, lanak abuztuaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.
Filmak aurkeztu aurretik, galdetegi bat beharko da, eta gero filma Movibeta Festival edo Festhome plataformen bidez bialdu.