Mundu guztitik birea egin baino lehen, Bilbora helduko da 'Gran Antologia de la Opera' lana. Hiru ordu baino gehiagoko produkzino horretan, operearen historian ospea lortu daben 38 operatako zatiak entzun leitekez. Generoaren historiari errepasoa egitea da obrearen helburua. Jose Luis Moreno produktorea dago egitasmoaren atzean.
Bilboko Euskalduna Jauregira, urriaren 2an helduko da 'Gran Antologia de la Opera'. Horren ostean, mundu zabaleko eszenatokietan be zabalduko dabe obrea. Esate baterako, New York, London eta Tokion egongo dala aurreratu dabe ekoizleek.
'Gran Antologia de la Opera' hiru ordu eta 20 minutuko ikuskizun luzea da. 38 operatatik hartutako piezen bidez, generoak izan dauen bilakaerea eta emon dituan une aitagarrienak batzen ditu. Besteak beste, Verdi, Mozart, Puccini eta Wagnerren obren zatiak dagoz, ariak, duetoak, operturak eta abar.
Zortzi bakarlariko taldeak interpretauko ditu pieza guztiak. 60 ahotseko koruak, 78 musikarik eta 30 jantzarik be parte hartuko dabe ikuskizunean. Sarrerak salgai dagoz, Euskaldunako txarteldegian, 40 eta 120 euro artean.