Atzerriko lau itzultzailek egonaldi luzea egingo dabe Euskal Herrian, euskeraz ikasteko. Asmoa da, euretako bakotxak euskerazko literatur lan bana itzultzea, euren herrialdean gure kulturea ezagutzera emoteko asmoz. Lituania, Bulgaria, Eslovenia eta Poloniatik datoz itzultzaileak. Donostia 2016, EIZIE eta Etxepare Institutua dira bultzatzaileak.
Itzultzaileak sei hilez biziko dira Euskal Herrian, euskerazko gaitasun handia lortu arte. Holan, euren itzulpenetan euskerea be erabili ahal izango dabe jatorrizko zein bitarteko hizkuntzatzat. Etxeparek dirulaguntzinoa emongo deutse, euskerazko obra bana euren ama hizkuntzara itzuli daien eta lan hori argitaratzeko modua izan daien.
'Itzultzaile Berriak' izeneko ekimen honetan, baina, atzerriko beste lau itzultzailek be parte hartuko dabe, Errusia, Estonia, Txekiar Errepublika eta Poloniakoak. Hilabeteko egonaldi laburra egingo dabe, euskerazko oinarrizko ezagutzea lortzeko asmoz.
Behin egonaldiak amaituta, Donostiako Tabakaleran jardunaldi edegia egiteko asmoa be badaukie programearen antolatzaileek. 'Itzultzaile Berriak' egitasmoan parte hartuko daben zortzi itzultzaileak honeek izango dira: Laura Liubinaviciute (Lituania), Mariya Petrova Pachkova (Bulgaria), Barbara Pregelj (Eslovenia) eta Katarzyna Sosnowska (Polonia) egonaldi luzean; Merilin Kotta (Estonia), Karina Mishchenkova (Errusia), Lenka Niznanska (Txekiar Errepublika) eta Matylda Figlerowicz (Polonia), egonaldi laburrean.