Naroa Elortegi gatikarra eta Mikel Ibargoien urnietarra Boiseko Jaialdian blogari izango dira. GOazen Boisera! lehiaketan saritutako bi gazteek Euskal diasporearen jaialdiaren barri emongo dabe zuzenean Boisetik. Boiseko Jaialdia euskal kulturearen munduko ekitaldi handienetako bat da. Lehen aldiz 1987an egin eben eta gaur egun, bost urtean behin egiten da garagarrileko azken astegoienean, Boiseko euskal komunidadeak bere zaindari Loiolako San Inazioren ospakizunagaz batera.
Epaimahaikideek gazte bi horreen lana saritu dabe jasotako 60 idazlan eta bideoen artean. Irabazleek garagarrilaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean AEBetako Boise urian ospatuko dan Jaialdian parte hartu eta bertatik barriemoile lanak egiteko aukerea izango dabe, Gazteaukera blogean. Gazte blogariek bidaia eta gastuak ordainduta izango ditue.
Gatikatik eta Urnietatik Boiserako bidea egingo dabe sarituek garagarrilaren 25ean. Naroa Elortegi, Energia Barriztagarrien Injinerutza gradua ikasten dago, 21 urte ditu eta futbolaria eta kirolzale amorratua da.
1.- Goazen Boisera lehiaketan parte hartzea noiz eta zelan otu jatzun?
Lehiaketearen barri Facebooken ikusi neban eta Boisera bidaia tartean egoala jakin nebanean, berehala hasi nintzan idazten, izan be, idazlan bat bialdu behar zan eta idaztea be asko gustetan jat. Ganera, kasualidadea da baina lehiaketearen barri izan aurretik, Boisera joateko aukerearen ganean berba egiten ibili ginan lagunartean eta gero subertau da hau guztia. Suberte itzela izan da.
2.- Boiseko Jaialdia bost urterik behin ospatzen da eta Euskal diasporearen jai handienetako bat da, izan be, bertan batzen dira AEBetako euskal etxeetako ordezkariak zein kanpotik etorritako euskaltzaleak. Bazeunkan horren guztiaren barri?
Bai. Esan deutsudan lez, aspalditik nenbilen bidaia hau egiteko gogoagaz baina plana ez atzera ez aurrera egoanean, orduantxe etorri zan lehiaketearena eta duda barik izenea emon neban.
3.- Boisen zein izango da zuon lana? Gai zehatzen ganean egunean testu bat idatzi, alkarrizketak...
Gai zehatzik ez deuskue ipini, geuk erabagiko dogu zertaz idatzi, ikusten doguzan gauza deigarrien ganean izango da, jakina eta egunean testu bat sartzea da jarri deuskuen baldintza bakarra, euskeraz zein erderaz, bion artean bakarra. Gai zehatz baten ganeko testua, erreportajea edota alkarrizketea be izan daiteke. Gure asmoa da bertako jente gaztearen ikuspegia azaltzea. Gazteak eta gure folklorea, gazteak eta musika tradizionala zein egungoa, badakigu kalean dala Boiseko euskal musika garaikidea batzen dauen ‘Basque Music of Boise’ proiektuko bigarren CDa eta Amuma Says No taldearen barri be badaukagu...
4.- Boiseko alkate Dave Bieter euskalduna da eta uriaren erdian Basque Block euskal auzo bat egotea eta tartean ikastolea be egotea sano deigarria da 270.000 lagun inguruko herrian. Dokumentazino lanik egin dozue?
Apurren bat bai. Ganera, AEBetan familia daukan Eusko Jaurlaritzako teknikari bategaz berba egiteko aukerea be izan genduan eta oso baliogarriak izango diran hango gorabehera batzuk kontau euskuzan. Alkatea be aitatu dozu eta gurako geunke bai beragaz egon eta patxadaz alkarrizketa bat edo zeozertxu egin.
5.- 'Gaztea bai...' izenburupean aurkeztu zenduan lanaren hasierea eta amaierea buztartuz, gazteak gogoan, 'bihurria, zentzungabea, arduragabea, ausarta, zoroa, parranda zalea, alperra, ezjakina baina 'zentzuduna, ziurra, erispideduna, burujabea, arduratsua, langilea... eta, ororen gainetik, heldua' kontrajarten dozuz...
Hasieratik, gaia zein zan irakurri eta berehala, otu jatan lanaz berba egiten danean soldatearen truk egindako lana etorten jakula burura. Horregaitik erabagi neban ikuspegi desbardin bat lantzea, hain zuzen, ikasketetatik kanpo eta musutruk egiten doguzan jarduera edo lanak gogoan, lanak besteko konpromisoa eskatzen dabenak. Danetariko gazteak dagoz, danetariko helduak edo edadekoak dagozan moduan. Testuan Marta Perea Jauregi, Deustuko unibersidadeko Organizazio Industrialeko Injinerutzako ikaslea eta Athletic Clubeko bigarren taldeko jokalaria eta Lore Nekane Billelabeitia, EHUko Magisteritza ikaslea eta Belako musika taldekoa. Txikitako lagunak dira biak eta eredu ezin hobea dira adierazo nahi izan dodan horretarako; konpromiso handiko esparruetan dabiz eta diruari horrenbeste erreparau barik, gustoko zereginetan ibilteak dauen garrantzia nabarmendu gura neban.
6.- Athleticek Tijuanaren kontra jokatu eta 2-0 irabazi dau Boisen pasa dan zapatuan, hilaren 18an; futbolaria eta kirolzale amorratua izanda, pena handia izango dozu han ez zarelako egon...
Bai. Benetan. Gu 25ean goaz eta seguru Boiseko jaialdira doazen asko be peneagaz geratuko dirala ekitaldiak 28tik aurrera diralako.
7.- Boisetik barri-emoile lanak egin beharko dozuez Gazteaukera blogean idazten eta sarean horren barri emoten. Zelan konpontzen zarie interneteko saltsa handian?
Ondo. Gaur egun edozeinek daki interneten ibilten eta gazteak zer esanik ez. Nik neuk txikitatik erabili izan dot ordenagailua eta gaur egun sare sozialetan be banabil eta, beraz, moldatu moldatzen nazela esango neuke.
8.- Esperientzia honetatik zer ikastea espero dozu?
Esperientzia oso aberasgarria izatea espero dot maila personalean eta badakit bidaiatzeak eta mundua ezagutzeak norberaren izaeran eragin sakona izaten dauela, baita gaitasunei jagokenean be, lehen aldia baita barriemoile lez ibiliko nazena. Horrezaz gan sekula ez dot izan hain bidaia handia egiteko aukerarik eta seguru nago biziko dodan guztia otuko jatala benetan interesgarria.
Ganerakoan, Energia Barriztagarrien Injinerutza gradua ikasten nago baina aurrerago kanpoan master bat egin gura neuke; ikasten segidutea da asmoa eta kanpoan ezin bada hemen izango da.