Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Julian Iantzik, ETBko aurkezleak, Poziktibity proiektuaren 2015. urteko lehenengo bideoa aurkeztu dabe gaur Donostiako Gu tabernan. Aurkezpenean Valladolid futbol taldeko entrenatzaile Gaizka Garitanok be hartu dau parte, nahiz eta ez dan bertan egon.
Poziktibity euskerearen erabilerea sustatzea helburu dauen proiektua da eta, dagoeneko, urtebete igaro da kontzeptua lehen aldiz zabaldu zanetik. Kontzeptu edo idea soil bat baino gehiago bizitza ulertzeko eta gozetako modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan sarri errepetidu da Poziktibity kontzeptu bizia dala. Eta bizirik dagoana moldatu, aldatu, garatu egiten da. Gaurko ekitaldian eboluzino hori zelakoa izan dan azaldu da.
Igaz persona ospetsuen laguntzinoa izan eban proiektuak Poziktibityren energia hori transmitiduteko (bideoetan persona ezagunak agertzen ziran). Gaur aurkeztu dan etapa barrian be proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituen persona garrantzitsuak (gaur prentsaurrekoan, Iantzi eta Garitano), baina egunerokotasuneko une soil eta arruntetan oinarrituko da (bideoetako protagonistak persona anonimoak izango dira). Aurten, Poziktibityk ohikotasunagaz zerikusia daben kontzeptuak landuko ditu. Lehenengoa, gaur aurkeztutakoa: partekatzea edo konpartidutea.
Egunero partekatzen doguz hizkuntzea, bizipenak, algarak, hasperenak... Eta hori egitea bizitea da, hizkuntza bizitza bera baita. Gagozan garaia, udea, partekatzeko momentu aproposa da, hondartzan egiten doguzan orduak, lagunakaz disfrutetan doguzan jaiak, bazkari ondorengo barriketalditxuak… konpartiduteak biziteri zentzua, gatza emoten deutson kontzeptua da. Aurten azpimarratu nahi da poziktibityren ingurua danok osotzen dogula. Horrexegaitik mundu guztia izango da protagonista, bizitzaren eguneroko istorio, esperientzia eta bizipenak izango baitira landuko diranak.
Webgune barritua
Bizipen horreen ikusle zein protagonista danok izan gaitekez. Horregaitik, hau guztia http://poziktibity.eus webgunean jasoko da. Webgune barrituan, bideoak protagonista izaten jarraitzen dau. Bertan jasoten dira egunero bizi izaten doguzan egoerak, arruntak danak, ohikoak, printzipioz ezer berezirik ez dabenak, baina gure bizitea osotzen dabenak. Eta egoera horreetan guztietan entzuten da euskerea.
Bideoa ikusteko aukeraz gan eduki asko be topau daiteke bertan. Izan be, orrialdea bisitau ezkero, hainbat iturritatik datorren informazinoa topauko dau erabiltzaileak: Facebook, Twitter, Instagram, Youtube... sare sozial horreetatik guztietatik jasoko dogu informazinoa: argazkiak, iruzkinak, mezu positiboak... Gainera, beste zenbait barritasun baditu webguneak: alde batetik, bloga egongo da, astez aste testuak, bideoak, argazkiak eta abar jasoko dituana. Bestetik, persona danon bizitzan ezinbestekoa dan elementua: musikea. Eta azkenik, egingo diran zozketei buruzko informazinoa agertuko da.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honakoa adierazo dau gaur goizean: Poziktibityk jenteari baikortasuna transmitidu nahi deutso. Gero eta persona gehiagok proiektuagaz bat egitea nahi dogu, bere helburuagaz identifikau eta, ondorioz, euskerara hurreratzeko. Batzuetan gatxa izan daiteke egoera bategaz identifiketea, baina gure helburua da eguneroko istorioen bidez erakustea pentsetan doguna baino egoera gehiagotan egin geinkela euskeraz.