'Urdaibaiko Organoak' XII. kontzertu zikloak Axpe-Busturiako organoaren 250 . urteurrena ospatuko dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 15a, 00:00

Aurten Urdaibaiko Organoak. Jose Mari Egileor kontzertu zikloen XII. edizinoa beteko da. Urremendik eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Mundakako Udalek sustatutako ekimena da hau, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzinoagaz. Aurtengo edizinoak Axpe-Busturiako Andra Mari eleizako organo barrokoaren 250. urteurrena ospatzen dau eta orain gitxi barriztautako Ibarrangeluko San Andres eleizako arpa erregistroa barriro entzuteko aukerea emongo dau, Euskadin bakarra.

Urdaibaiko Organoak. Jose Mari Egileor kontzertu zikloaren helburua geure ondareaz gozetako aukerea emotea da eta instrumentu baliotsu honeek konserbau eta berreskuratzeko ezinbesteko lana agirian jartea. Ekimen kultural honek eskualdeko aparteko organoen berreskuratze, konserbazino eta balorean jartea sustatzen dau. Besteak beste, Ibarrangeluko Ander Deunaren Alberdi organoa, Gautegiz Arteagako Andra Mari eleizako Amezua organoa, Muxikako San Bizente Martiriaren organoa edota Axpeko Andra Mari eleizako organo barrokoa.

Busturialdeko herrien bizitza sozio-kulturala dinamizau eta hobetzeko helburuagaz, Urremendi, Landa Garapen Alkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzinoagaz eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Mundakako udaletxeen kolaborazinoagaz, beste urte batez kontzertu zikloa antolatu da, udan eskualdeko eskaintza kulturala aberastuteko asmoz.

Ekimen musikal honek, Benantzi Bilbao mundakar musikariak antolatutakoa, aurten bere hamabigarren urteurrena ospatzen dau, kontzertu egitarau zabalagaz, garagarrilaren 18tik abuztuaren 21era. 

Kontzertuak Urdaibaiko udalerrietan izango dira, geure herriak arlo desbardinetan ezagutzera emoteko eta geure eskaintza turistikoa eta kulturala zabalduz.

Aurten, Arratzuko Santo Tomás eleizan, Bermeoko San Frantzisko eleizan, Busturiako Andra Mari eleizan, Lumoko San Pedro eleizan, Gernika-Lumoko Andra Mari eleizan eta Mertzedeko komentuan, Mundakako Andra Mari eleizan, Gautegiz Arteagako Andra Mari eleizan, Ibarrangeluko Ander Deuna eleizan eta Mundakakao Andra Marin eskainiko dira kontzertuak.

Eleiz-musikearen zaletuek eta baita lehenaldiz soinu berezi horretara hurreratzen diranek aparteko organo horreek entzuteko aukerea izango dabe.


Axpe-Busturiako Andra Mari eleizako organoaren 250. urteurrena

Busturiako Udalak eta parrokiak esfortzu handia egin dabe Andra Mari eleizako organoa egoera onean mantentzeko. Aparteko altxor honek aurten 250. urteurrena ospatzen dau eta Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor organo zikloan protagonista izango da. 1765. urtean, Lorenzo de Arrazolak egin eban. Organo hau nabarmentzen da bere ondare balioagaitik. XIX. mende amaieran errege, enperatriz eta aristokratek udea igarotzen eben Euskadin eta bertoko herrietan dirua ixten eben; laguntza ekonomiko horrek eleizetako organo zaharrak kentzea eta beste moderno batzuk ordezkatzea ekarri eban. Organo moderno horreek frantsez estilo erromantikokoak ziran. Busturiakoa, barriz, geratzen diran lehengo organo barrokoetako bat da, ondare-altxorra. Bizkaian bakarrik geratzen dira hiru organo barroko martxan, Balmasedakoa, Mañariako eta Busturiakoa. Geratzen diren beste lauak mutu dagoz.

Musikazaleek organo honen soinu apartekoaz gozetako aukerea izango dabe garagarrilaren 24an, barikuan, 20:00etan, Luc Paganonek eskainiko dauen kontzertuan  eta abuztuaren 21ean be, 250. urteurrena ospatzeko kontzertu berezian, mundakako organojolea dan Benantzi Bilbaoren eskutik.

Busturiako lehen kontzertuan, garagarrilaren 24an, Luc Paganon organojole frantsezak musika pieza desbardinak joko ditu. Luc Paganon Sens katedralako eta Saint-Julien-du-Sault-eko organojole nagusia da. Sens-eko Michelle Leclerc Nazinoarteko Organo Festibaleko Zuzendari Artistikoa izan da 2007tik. 

Busturiako organoren 250. urteurrena ospatzeko kontzertuan, Joxe Benantzi Bilbaok organojole mundakarrak, kontzertu zikloaren sustatzailea, eskainiko dau errezitaldia. Joxe Benantzi Bilbao Alacanteko Guitarrista José Tomás Konserbatorioaren organo eta klabezinaren irakaslea da eta Capella Joan Baptista Comes antxinako musika taldea zuzentzen dau. Musika festibal asko zuzendu ditu, besteak beste, Els orgues d´Alacant, Mathísa Salanova, Música Sacra de Elche edota Urdaibaiko Organoak Kontzertu zikloa. 2015ean, Bilbaok Europan zehar ekimen desbardinetan parte hartuko dau: Ibarrangeluko piano/arpako organoaren inaugurazinoa, Arratzu, Venezia (Italia), Como (Italia), Sant Julien de Sault (Frantzia), Lietor( Albacete), Callosa d´en Sarriá (Alacant), besteak beste.

Herritarrei organo honen aparteko edertasuna eta ondare balioa hurreratzeko asmoz, bisita gidatuak eskainiko garagarrilaren 23an eta 30ean eta abuztuaren 14 eta 21ean, 11:00etan. Erreserbatarako: 94 617 1004 - 652 82 68 95).

Gainera, Busturiako Kultur Etxean musika-tresna berezi honen ganeko erakusketea iznago da, garagarrilaren 23tik abuztuaren 21era.

Bestalde, barriro entzungo da Ibarrangeluko San Andres eleizako organoaren arpa erregistroa, orain gitxi zaharbarritutakoa. Abuztuaren 1ean izango da (20:00h.), Stefano Pellini organojole ospetsuak eskainiko dauen kontzertuan. 


Eleizako organoen ondare aberatsa

Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloak Busturialdeko organoak eta geure liturgia berreskuratzeko helburuak ditu. Baita geure kulturea aberastea be, geure ondare musikala bere erakargarritasun artistikoa, musikala eta estetikoa berreskuratzeko.

Busturialdeak 20 kilometroko inguruan ondare musikal zabala eta aberatsa gordeten dau bere eleizetan. Eskualdean instrumentu apartekoak eta munduan bakarrak diran organoak ditu. Nabarmentzekoa da Ereñoko Mikel Deunaren Roqués organoa, bere barruan pianoa dauen Ibarrangeluko eleizako Alberdi organoa edota Muxikako San Bizente Martiriaren organoa (1760); azken hau Euskadiko zaharrenetakoa eta Euskadin geratzen diran iberiar estiloko bakarrenetarikoa. 

Herriak eta parrokiek esfortzu handia egiten dabe instrumentu horreek zaharbarritu eta modu egokian mantentzeko. Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloak balorean jarten ditu eta horreen musika entzuteko aukerea eskaintzen dau. Gainera, festibalaren antolakuntzeak egin beharreko ikerketak egiten ditu instrumentuak zaharbarritzeko eta etorkizuneko edizinoetan gehitu ahal izateko.


Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor zikloaren 2015ko edizinoan honako instrumentuak entzuteko aukerea egongo da
:

- Mundakako Andra Mari eleizako organoa. Lope Alberdik 1917an eregitakoa. 2010ean,  Spaethek zaharbarritutakoa.

- Axpe-Busturiako Andra Mari eleizako organoa. Lorenzo de Arrazolak 1765ean eregitakoa. Erromantizismoko balore handiko instrumentua (Euskadin dagoan iberiar estiloko organoaren eredua).

- Gernika-Lumoko Andra Mari eleizako organoa. E.F Walckerrek 1889an eregitakoa eta guztiz eraldatu zan 1994an,  Pellerin & UYsen eskutik.

- Mertzedetako komentuaren organoa. Lope Alberdik eregitakoa 1913. urtean.

- Lumoko San Pedro eleizako organoa. Lope Alberdik eregitakoa 1909an.

Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Osorik irakurri