Indar betean dator gaur, barikua, Donostiako Jazzaldia, eguneko programea kontzertu piloagaz beteta. Jamie Cullumek azkanengo emonaldia eskainiko dau aurtengoz, Iñaki Salvador Quartetegaz oraingoan (sarrerak agortu egin dira). Javier Araña, Benny Golson Quartet, Julia Biel, Sky Beats eta beste asko be izango dira gaur jazz jaialdian.
Lehenengo emonaldiak eguerdi aldean izango dira, Charalampi (Kafe Botanika) eta O Meu Prazol-egaz (Txingudi). Arratsaldeko 17:00etan, Maria Kristinako terrazan, Javier Arañaren doinuakaz disfrutetako aukerea egongo da eta, ordu berean, El Especialista egongo da Nauticoolen.
Arratsaldeak aurrera egin ahala, Benny Golson Quartet (Kursaal auditorioan, 18:30), Charles McPherson Quartet (Frigo gunea, 19:00) eta Elkano Browning Cream igongo dira oholtzara.
Gabaz, kontzertu aitagarri ugari egongo dira. Esate baterako, Iñaki Salvador Quarteek, Maciej Fortunaren laguntzinoagaz joko dau eta, ondoren, Jamie Cullum be egongo da, Trinidade plazan. Emonaldi horretarako sarrerak, baina, agortuta dagoz. Doban izango dira, esate baterako, Les Fous, Fnac gunean (20:30), LoneLady Agertoki Berdean (21:30) eta Julia Bielen kontzertua gaberdian, San Telmon. Viktoria Eugenia antzokian, bestalde, Josetxo Silguero & Pierre Jodlowski izango doguz, 'Rayuela Jazz Project'-egaz.
Donostiako Jazzaldia domekan amaituko da eta, gaurko moduan, bihar eta etzi be, egitarau bete-betea egongo da.