Musikea, gastronomia eta Surfa, Mundaka Festivalen oinarriak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 27a, 00:00

Garagarrilaren 30etik abuztuaren 1era egingo da, lehenengo aldiz, Mundaka Festival. Antolatzaileek egitarau mardula preparau dabe eta 4.000 bisitari espero ditue. Batez be, kontzertuak eta gastronomiagaz lotutako ekitaldiak dagoz egitarauan baina, Mundakaren nortasuna gogoan hartuta, surfak eta hondartzeak be protagonismoa eukiko dabe. Santa Katalinan, Talaian eta hondartza inguruetan egingo ditue jarduera gehienak.

Musikearen eta astialdiaren alorrean lanean dabilen Emankor Sarea da Mundaka Festivalen bultzatzailea. Herriak udan eskaintzen dauen ikuspegi ederra eta egitarau zabala bateratuta, 4.000 pertsona ingururentzako jaialdia preparau dabe.

Mundaka Festivaleko osogai nagusietako bat musikea da. Holan, Santa Katalinan eszenatoki bikotxa ipiniko dabe. Echo & The Bunnymen, The Sonics, Anti-Flag, Loquillo eta abar ekarriko ditue atzerritik. Euskal taldeak be ez dira faltauko, tartean Belako, We Are Standard, Smile, Rravellin Brothers eta The Uski´s.

Gastronomiagaz lotutako ekitaldiak Talaian egingo ditue. Busturialdeko produktuak aurkezten, eskualdeko sukaldari ezagunak egongo dira. Txakolina, pintxoak eta dastaketak ez dira faltauko. Umeentzako talo tailerra egongo da barikuan eta Idiazabal gaztaiagaz lotutako beste bat zapatuan.

Itsasoari lotutako jaialdia izango da Mundaka Festival. Surfaren paradisuetako bat izanik, kirol horregaz lotutako ekintzak eratu ditue, adibidez Ariane Otxoak gaztetxuentzako emongo dauen clinic saioa, bariku goizean. Zapatuan, itsasertza garbitzen joateko deia egin dabe. Musika kontzertuak Santa Katalinako gune mugatu baten egingo ditue, baina jaialdiaren animazinoa herri osora zabaldu nahi dabe. Giro ona Mundaka guztira helduko dala ziurtau dabe.

Euskotrenek gaueko zerbitzu bereziak ipiniko ditu eta aparkalekuak egongo dira Bermeo eta Sukarrietako tren geltokien alboan, bisitariek ez daien autoa Mundakaraino eroan behar. Antolatzaileek eskatu dabe, ahal dala garraio publikoa erabilteko.

Osorik irakurri