Zeanurin, San Justoko karobia barriro biztuko dabe, abuztuaren 1ean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 27a, 00:00

Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean isiotuko dabe San Justoko karobia abuztuaren 1ean, zapatuan, goizeko 11:00etan. Domeka eguerdiratz, kare bizia ataraten hasiko da labe-ahoa. Orain dala hogei urte berreskuratu eban Ipizki Taldeak 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan San Justoko karobia, eta ordutik hona, hutsik egin barik, urtero, abuztuaren lehenengo  asteburuan martxan ipinten dabe.

Ipizki taldeak jakineragin dauenez, zapatuan, isiotuteko ekitaldia 11:00etan hasiko da eta, ondoren, hamaiketakoa egongo da San Justora hurreratzen diran guztientzat: urdaia, pamitxea eta ardaoa. 14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justoko haretxen azpian. Bazkari herrikoi horretan edozeinek parte hartu leike, aurretik izena emonda

Biharamunean, abuztuaren 2an, domekan, San Justoko erromeria ospatuko da. 12:00etan mezea izango da. Mezearen ostean, maiordomoak barauskarria —ardao zuria eta gailetak— banatuko ditu jentearen artean eta paella txapelketea be egongo da. Arrastiko 17:30etan, bola eta mus txapelketetan parte hartzeko aukerea egongo da.

20 URTE KAROBIA BIZIBARRITZEN

Orain dala hogei urte jarri eban martxan 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan karobia Zeanuriko Ipizki Taldeak. Horretarako, leku berean azkanengoz karea egin eben Juan eta Julian Aranagaz harremanetan jarri ziran Ipizkikoak, eta euren zuzendaritzapean konponketa eta zaharbarritze beharrei ekin behar izan eutsien, labea ketan jarri aurretik. Ordutik hona, hutsik egin barik, urtero, abuztuaren lehenengo  asteburuan martxan jarten dabe eta aurtengoa 20. aldia izango da.

Otzerinmendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Goikuria anaiak alde batetik, eta Juan eta Julian Arana bestetik, izan ziran 1950ean leku horretan azkanengo aldiz lan egin ebenak. Juan eta Felix labea jagoteaz eta karea egiteaz arduratzen ziran bitartean, Julian eta Kandidok, idi pare bategaz, Atxebeiko beheko errekatik —San Justoko goiko aldean— kareharria, eta Azkarralde eta Igertubarri basoetatik egurra ekarten eben. Soroetan ongarritzat erabili ziran 2.000 kintal —100.000 kilo— kare ekoiztu zituen guztira.
    Ipizki  Taldeko Igor Intxaurragak dinoanez, Juan eta Julian Aranaren gidaritza barik ezinezkoa izango jakun karobia berreskuratzea eta martxan ipintea, eurak izan ziran 1950ean leku berean karea egin ebenetako bi eta eurak dira gure maisuak. Gainera, urtero erantzuten deutsie karobia martxan ipinteko ekitaldiari eta aurten be hor egongo dira. Felix Goikuria be, ezinduta egon arren, urtero etorten zan San Justora bere aholkuak emoteko.

San Justokoa karobi frantsesa deritxana da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauta eregitakoa. Apurka-apurka estutzen dan zulo bat da, 4 metro sakon; eta 150 zentimetro zabal goiko aldean eta 40 behekoan.
 

Kare labe frantsesak holan egiten dabe lan: egurrez beteten dira, gero, ganean, kareharria ipinten da eta sua emoten jake. Harria errez kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egurrez eta kareharriz kargetan da karobia. Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen eban, horregaitik hiru-lau etxe alkartuz edo auzolanean egiten zan.

 

Osorik irakurri