Mobikortasun Jasangarriaren Astea egingo dabe Durangon irailean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 27a, 00:00

Aurreko urteetan legez, oraingo honetan be, kutsadurarik sortzen ez dauen mobikortasun ereduaren alde egingo dabe Durangon. Irailaren 16tik 22ra bitartean egingo da Mobikortasun Jasangarriaren Astea. Jolasak, tailerrak, azokak eta bizikleta martxea egongo dira, besteak beste. Durangoko Udalagaz batera, herriko beste eragile ugarik be parte hartuko dabe, txirrindularitza taldeek esate baterako.

Irailaren 16an, eguaztena, Durangoko udaletxean, sari banaketak egongo dira. Batetik, Bizikletarte, bizikletearen inguruko interbentzino artistikoen lehiaketako irabazleak sarituko ditue. Bestetik, mobikortasun eredugarriaren sustapenaren aldeko saria emongo dau Udalak.

Ekitaldi gehienak, baina, zapatuan izango dira, irailaren 19an. Egun horretan, Durangoko kaleetan mobikortasun jasangarriaren aldeko aldarria zabalduko da eta bidea oinezkoek eta bizikletek hartuko dabe. Goizean jantza ikastaroak eta era askotako lehiaketak egingo dira, baita bizikletarako bigarren eskuko  materialaren azokea be. Mobikortasun jasangarriaren alde, hiru orduko spinning maratoia iragarri dabe, 11:00etan hasita. Ekitaldi horreek guztiak Ezkurdi plazan izango dira.

Zapatuan bertan, bizikleta martxa herrikoia egingo dabe Durangoko kaleetan zehar. 11:30etan hasita, gitxi gorabehera 14:30ak arte izango da martxea. Familia giroan joango dira, antolatzaileek azaldu dabenez eta, beraz, edonork parte hartu leike.

Martitzenean, irailak 22, Mobikortasun Astea amaitzeko hainbat ekitaldi preparau ditue. Esate baterako, San Agustin gunean, bizikletek errepidean daukiezan arriskuei buruzko jardunaldia egingo da. Era berean, aste guztian, DBHko ikasleei ikastaro teknikoak emongo jakez eta Bizikletarte lehiaketako obrak ikusgai egongo dira.

Osorik irakurri