Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari legez, eta AEBko uriburuko Smithsonian Fundazinoak hitzarmena sinatu dabe, Washingtonen bertan. Holan, Bizkaia eta Euskal Herria, bereziki euskal kulturea, fundazino horrek datorren urtean antolatuko dauen Folklive Festival nazinoarteko jaialdian egongo dira. Smithsonian Fundazinoak dino, euskal kultureagaz daukien interesak oinarri historikoa daukala, baina etorkizunera begirako hartu-emona sortu nahi dabela.
Beraz, euskal kulturea konbidauta dago 2016. urtean Washingtonen egingo dan Smithsonian Folklive Festival ekitaldira. Hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiak sinatu dau, baina asmoa da Euskal Herriko ganerako lurralde eta erakundeetara zabaltzea. Unai Rementeriaren ustez hitzarmen hau aukera ederra da Bizkaia eta Euskadi Estadu Batuetan bete-betean sartzeko. Aukerea ondo aprobetxau ezkero, Smithsonian mugarria izan leiteke gure kulturearentzat eta atzerrian daukagun presentziarako, orain dala urte batzuk Guggenheim izan zan moduan, esan dau Ahaldun Nagusiak.
Smithsonian Zentroaren Folklive Festival jaialdiko zuzendari Michael Masonek be uste dau hitzarmena aukera ederra dala oso zaharra izan arren etorkizunera begira dagoan herri modernoa aurkezteko. Masonek dino bere erakundeak Bizkaiagaz eta Euskadigaz daukan interesak oinarri historikoa daukala baina, era berean, gaurko errealidadeari be begiratzen deutsala. Erakutsi nahi dogu kultura ondarea ez dala iraganeko kontua eta gaur egun be bizirik dagoala. Smithsonian Fundazinoaren ordezkariak azaldu dau euskerea interesgarria izango dala ekitaldira joaten diranentzat. Jaialdia hamar egunekoa izango da, 2016ko bagilaren amaierea eta garagarrilaren hasierea bitartean. Masonek dino Bizkaiaren eta Smithsonian Fundazinoaren arteko lankidetzearen lehenengo pausua izango dala, aurrera egingo dogu alkarregaz, gure lankidetzea urrunago helduko da.
Smithsonian Folklive Festival munduan egiten diran kultura ekitaldien artean handienetakoa da. AEBetako uriburuko National Mall-en egiten da eta miloe bat persona batzen ditu. Rementeriak dinoanez, aukera parebakoa da mundu osoak ikusi daian Bizkaian danetariko aukerak dagozala, kulturearen arloan, prestakuntzan, ekonomian zein gizartean. Ganeratu dauenez, uste dot ekitaldi hau gure hizkuntza, euskerea, indartuko dauen pizgarria izango dala, gure sortzaileen ospea nazinoartean zabaltzen lagunduko dauela, eta Bizkaia kokatuko duela kultureagaz konpromiso sendoa daukien lurralde ekintzaileen artean.