Arrasateko Lezetxiki balio handiko kobazuloa da. 1950 eta 60ko hamarkadetan indusketa lan batzuk egin zituan Joxe Miel Barandiaranek eta, 1996tik, urtero egiten da indusketa kanpainea, udan. Aurtengoa, beraz, aro barriko 20. kanpainea izan da. Lezetxikiko aztarnategiko zuzendaria da Alvaro Arrizabalaga. Amaitu barri dan kanpainaz eta 1996tik kobazuloan agertu diran fosilez egin deusku berba. Aranzadi Zientzia Alkarteko kidea be bada Arrizabalaga.
Zelako lana egin dozue Lezetxikin aurtengo udako kanpainan?
Bi helburu nagusi euki doguz. Batetik jakitea zenbaterainoko sakonerara heltzen dan sekuentzia estratigrafikoa eta alde horretatik ikusi dogu amaitzen gabilzala. Datorren urtean amaituko dogu sakoneran. Bigarrena, aztarnategia horizontalean be noraino hedatzen dan jakitea. Arte baten azpitik hedatzen da kobazuloa eta hor 9-12 metro koadroko beste eremu bat topau dogu aurten.
Aurkikuntza aitagarririk egon da aurten?
Normalean antxinako fauna eta harrizko tresnak topetan dira. Aurtengo fauna ez da izan bereziki aitagarria, gehienbat hartz espezie biren hazurrak topau doguz. Gizakiek egindako harrizko tresna asko topau doguz beheko mailetan.
Zenbat pertsona ibili zarie aurten lanean?
Kanpaina luzetxua izan da, laugarren astera heldu gara, normalean hiru aste izaten diran arren. Danera, oker ez banabil, 28 pertsona pasau dira hemendik eta, une berean lanean, batzuetan 20tik gora izatera heldu gara.
Jente asko ibilten da lanean Lezetxikin uda guztietan. Euskal Herriko arkeologoen harrobia da?
Bai, eta ez bakarrik Euskal Herrikoa. 20 kanpaina egin doguz dagoeneko eta gaur egun unibertsidade irakasle diran asko bertotik pasau dirala ikusi geinke, aurreko urteetako parte-hartzaileen izenak begiratu ezkero. Euskal Herritik haragoko eragina dauka aztarnategi honek.
Indusketak amaitu dira, aurtengoz, Lezetxikin. Orain zelako lana dator?
Azkanengo lau-bost urteotan ezin izan dogu amaitu udan topautako materiala prozesatzeko lana, material ugari agertzen dalako eta denpora luzea behar dalako hazurrak garbitu, sikatu eta prozesu guztia egiteko. Batez be, garbiketa, inbentarioa eta tresna edo hazur bakotxaren jatorria finkatzeko lana egiten da udako kanpainea amaitu eta gero, hurrengoa hasi bitartean.
Lezetxikiko lanak badauka ezagutzarik nazinoartean?
Bai, zalantza barik, badauka oihartzuna. Esango neuke ezagunagoa dala Lezetxiki Euskal Herritik kanpo, berton baino. Indusketetan topetan doguna gizartera zabaldu ahal izateko, berbaldiak-eta egiten doguz, baina gure berezko lana da aldizkari zientifikoetan geure ikerlana argitaratzea eta aztarnategiaren emoitzak nazinoarteko kongresuetan zabaltzea. Hori urtero egiten dogu, eragin nabarmenagaz. Ez da gatxa Europako arkeologia museoren batera joan eta bertako mapetan Lezetxikiren aitamenak topetea.
20 kanpaina egin dira dagoeneko Lezetxikin. Tarte honetan guztian, zer agertu da han?
Euskal Herrian, Lezetxiki, Atapuercakotik hurreen dagoan aztarnategia da, datuen balioari jagokonez. Hemen agertu dira gizakien hazur fosilak, tresnak eta objektuak, fauna ikaragarri oparoa, espezie asko, batzuk Lezetxikin baino topau ez diranak. Esate baterako, 'liroi nanoa' izeneko espeziearen barri emoteko argitalpen bat atara dogu orain dala aste batzuk, peninsula osoan agertu dan bakarra dalako.
Ze sasoitako gizakiak agertu dira Lezetxikin?
Erregistro luzea daukagu hemen eta, ganera, hondoa ez dogu guztiz prozesau, laginak hartuta dagozan arren. Ezagutzen dogun giza-aztarnarik zaharrena orain dala 200.000 urtekoa da eta, barriena, 12.000 urtekoa.
Zeregina badago datozan urteotarako Lezetxikin?
Bai, hasi ginanetik gure helburua izan da ahal danik eta sakonen aztertzea Lezetxiki eta zalantzarik ez geratzea, zeozer topau barik geratu ete jakun. Nik uste urte bi barru amaituko dogula indusketearen zatirik garrantzitsuena, baina oraindino asko faltau da egiteko, argitaratzeko.
Zu zeu, noiztik zabiltza kobazuloan lanean?
Bigarren fasearen hasieratik nabil hemen, 1996tik. Nik Lezetxiki aspalditik ezagutzen dot, 1980an hurreratu nintzan lehenengoz. Aurretik, ezin dogu ahaztu Joxe Miel Barandiaran eta bere laguntzaileak be hemen lanean ibili zirala, 1956 eta 1968. urteen artean. Gero, bigarren fasea hasi zanetik, eten barik egon naz hemen.
Zuri, arkeologo moduan, zer aportau deutsu Lezetxikin lan egin ahal izateak?
Guk ikerketa lerro ugari izaten doguz eta niretzat garrantzitsuenetakoa Lezetxiki da.