Ingurumenaren eta pakearen aldeko lana ondoen erakusten dauen filma sarituko dabe Donostiako Zinemaldian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 3a, 00:00

Zinemaldiak eta Greenpeace erakunde ekologisteak lehenengo aldiz emongo dabe aurtengo edizinoan Lurra saria. Ingurumenaren, natura jagotearen eta pakearen aldeko lana eta horreek baloreak ondoen lantzen dituan filmari emongo deutse saria. Jaialdiko edozein sailetan aurkezten diran pelikulak izango dira hautagai. Ekintzailetzea eta zinemea buztartu gura ditue sari barriagaz.

Greenpeacek berak azaldu dauenez, euren zeregin nagusia da, kutsadurea murriztea, baso eta itsasoak gehiegi ustiatzea eragoztea, pakea eta desarmea bultzatzea eta, orokorrean, ingurugiroa jagotea. Balore horreek azpimarratu nahi ditue, baita Zinemaldiaren 63. edizinoan parte hartuko daben zinegileen artean be. Hartara, Lurra saria irabaziko dauen pelikulea aukeratzeko, ingurumenaren zein bakearen defentsea modu aproposean erakusten daben piezak bilatuko ditue. Holan, ekintzailetza espirituari errekonozimendua egingo deutsie.

Epaimahaia, zinemearen munduko adituek eta ingurugiroaren defentsan dabilzan ekintzaileek osotuko dabe. Zinemaldiko edozein sailetan aurkeztutako filmen artean aukeratuko dabe irabazlea.

Sariaren izena, Lurra, aintzat hartuta, kontzeptu horren inguruko garaikurra diseinauko dau Miranda Makaroff artisteak. Oroigarria sari-banaketa ekitaldian emongo jako irabazleari. Ekitaldi hori barritzailea eta aldarrikatzailea izango dala aurreratu dau Greenpeacek. Ingurumenaren aldeko baloreak zabaltzeko erabiliko dabe momentua, goi mailako konbidauen, umorearen eta hainbat sorpresaren bidez.

Osorik irakurri