Urteko sasoi guztietan egiten dan zikloa da Future Shorts eta, gaur, 2015eko udeari jagokon proiekzinoa egingo da Bilbon, arratsaldeko 19:00etan. Ordu eta erdi inguruko saioa izango da eta film labur ugari ikusteko aukerea egongo da tarte horretan. Ondo errotutako jaialdia da honako hau, izan be, Bilbon ez eze, mundu zabaleko 90 herrialdetako 150 uritan egoten dira proiekzinoak.
Bilbao Arte Fundazinoaren egoitzan, Bizkaiko uriburuko Urazurrutia kalean, izango da saioa, Art House Zinema aretoan. Proiekzinoa doban ikusi ahal izango dau nahi dauenak, baina leku mugatuak dagoz eta, behin aretoa beteta, atea zarratuko dabe.
Ordu eta erdiko saioan, zortzi film labur proiektauko ditue. Zuzendarien jatorriagaitik zein jorratzen diran gaiakaitik, proiekzino anitza izango da. Drama, komedia eta dokumentala egongo dira, baita animazinozko pelikularen bat be.
Lehenik eta behin, Una Gunjak kroaziarraren 'The Chicken' emongo dabe. Film horrek Sarajevora eroango gaitu, Bosniako gerrako sasoian. Argumentuaren arabera, ume batek oilasko bat askatu nahi dau, jateko hil beharrean, baina gerra bete-betean, hori egitea uste baino gatxagoa da. Share Safipur irandarraren 'The tree' filma be, gerran kokatuta dago. Emakume bat eta arbola bat dira protagonistak. Animazinozko filma da.
Ondoren, 'Emergency calls' dokumentala proiektauko dabe. Hannes Vartiainen eta Pekka Veikkolainen finlandiarrek zuzendutako film horretan, gizakiaren sentsazinoak aztertzen ditue, benetako larrialdi-deien bidez. Karolis Kaupinis lituaniarraren 'The Noisemaker' lanak, aldiz, umore baltzera eroango gaitu. Ikasle gitxi daukazan eskola batek zabalik segiduteko egiten dauen ahalegina kontetan dau.
Minka Farthing-Kohl estadu-batuarraren 'Stray dogs' be umorezko zintea da. Egun eguzkitsu bateko gertakariak kontetan dira. 'Schoolyard', Irene Dragasaki greziarrarena, film esperimental berezia da, eskola baten inguruan girotua, ezinegona sortzen dauena.
Paul Cabon frantziarraren 'Storm hits jacket' animazinozko komedia bat da. Zientzialari bi ekaitzak harrapauta geratzen dira eta era guztietako endredoak sortzen dira bien artean. Amaitzeko, Herberehetatik datorren film bat emongo dabe Bilbon gaur, Thomas Baerten eta Wim Geudensen 'De smet'. Anaia biren bizimodua aldatu egingo da goitik behera, hareen auzora emakume bat heltzen danean, dramea eta umorea batzen dituan argumentuak dinoanez.