Bermeoko Folklore Jaialdia egingo dabe zapatuan, Indonesia, Frantzia eta Kanarietako taldeakaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 5a, 00:00

Urtero legez, Bermeoko Alkartasuna jantza taldeak mundu zabaleko folklore-taldeak konbidau ditu, euren tradizinoak eta jantzak erakutsi daiezen Bermeoko publikoaren aurrean. Folklore jaialdi honek 29. edizinoa beteko dau zapatuan, abuztuak 8. Saioa 22:00etan izango da, Artza frontoian. Indonesia, Frantzia eta Kanarietako taldeak egongo dira aurten, Alkartasunakoakaz batera. Jantza taldeak ez eze, Bermeoko Udalak be parte hartzen dau antolakuntzan.

Gaizka San Pedro Alkartasuna taldeko presidenteak azaldu dauenez, euren helburua da, euskal folkloretik aparte, atzerriko folklorea erakutsi eta ezagutzera emotea Bermeon. Ganera, Bermeoko ohiturak beste herri batzuetako ordezkariei erakutsi nahi deutsiez. Jantza taldeetako kideek alkar ezagutzeko be balio dau Folklore Jaialdiak, Gaizka San Pedroren ustez.

Aurtengo jaialdira, atzerriko hiru talde konbidau ditue. Batetik, Indonesiako Pelita Haparaneko Bureum Sendati taldea etorriko da. Bestetik, La Reouleko (Frantzia) Lous Reoules taldea be konbidau dabe. Amaitzeko, Kanariar uharteetako jantzak erakutsiko ditu Las Palmasetik datorren San Cristobal alkarte folklorikoak.

Jaialdia zapatuan izango da, abuztuak 8, Artza frontoian. Gabeko 22:00etan hasiko da ekitaldia. Hiru euro pagau beharko dira sartzeko eta, antolatzaileek zehaztu dabenez, egunean bertan lehiatilan erosi ahal izango dira sarrerak.

Bermeoko Folklore Jaialdia 1986tik antolatzen da. Urte honeetan guztiotan, Siberia, Polonia, Alemania, Grezia, Austria, Espainia, Portugal, Hungaria, Italia, Txekia, Kolonbia, Txile, Mexiko, Argentina eta Martinika uharteetako taldeak egon dira herrian.

Osorik irakurri