Hiru artista afrikarren erakusketa kolektiboa egongo da irailera arte Bilboko Kalao galerian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 5a, 00:00

Azkanaldion Kalaotik pasau diran hiru artistaren lanak batu eta erakusketa bakarrean erakutsiko ditue, abuztuaren 6tik irailaren 30era. Nathalie Mba Bikoro, Nu Barreto eta Cheikhou Ba dira horreek hiru artistak. Estilo eta formatu ugari batu dira oraingoan galeriako horma eta apaletan. Afrikako artisten ikuspegia eta kontinente haretan dagozan joera estetiko barriak ezagutzeko aukera aproposa da, beraz, Kalaoren udako proposamena.

Ginea-Bissauko Nu Barreto margolaria 2013ko amaieran eta 2014ko hasieran egon zan Kalao galerian. Amilcar Cabral (1924-1973) politikariaren figuran eta ekintzetan zentrautako erakusketea ekarri eban Bilbora. Cabral panafrikanismoaren bultzatzaileetako bat izan zan eta Ginea-Bissau eta Cabo Verderen independentzia prozesuen bultzatzaileetako bat be bai. Haren ondarea batzeko ahalegina da Nu Barretoren obrea. Orain, barriro ikusi ahal izango da erakusketa haren zati bat Kalaon bertan.

Erakusketa kolektiboko beste partaide bat Nathalie Mba Bikoro da. Gabonen jaiotako disziplina anitzeko artistea da Mba Bikoro gaztea. Igaz, Bilbao Art District ekimenaren barruan, erakusketea ipini eban Kalaon, 'Take this hammer' izenburupean. Obra litografikoak eta bideo-sormena dira ardatza. Askatasuna, esklabutzea eta identidadea aztertzen ditu Mba Bikorok erakusketa horretan.

Cheikhou Ba senegaldarra da Kalaoko erakusketa kolektiboko hirugarren partaidea. Oraintsu arte, Rafael Padilla Chocolat-i buruzko erakusketea euki dau Bilboko galerian ikusgai. Padilla zirkuko artistea izan zan, Kuban esklabo jaio, Bilbon arte eszenikoetan hasi, askatasuna lortu eta Parisen entzute handiko artistea izandakoa. Gero, pobre hil zan. Haren figurea eta memoria berreskuratzeko lan handia egin dau Kalao galeriak eta Cheikhou Bak Chocolati buruz egindako artelan-seriea erakutsi eban, besteak beste. Bertako lagin bat barriro ikusi leiteke orain, udako erakusketan. Koadroak eta figurak egiten ditu Bak.

Kalao galerian doban sartu leiteke. Erakusketea zabalik egongo da astelehenetik barikura, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:30era.

Osorik irakurri