Imanol Ordorika arkitekto euskal-mexikarra gogoan daukie egunotan Lekeition, erakusketa eta berbaldien bidez

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 5a, 00:00

'Erbesteko euskal arkitektura' zikloa Lekeitiora heldu da egunotan, protagonista nagusi bategaz: Imanol Ordorika Bengoetxea (Lekeitio, 1931-Mexiko Uria, 1988). Gerreak behartuta, erbestera jo behar izan eban Ordorikak umetan eta Mexikon bizi izan zan hil arte. Arkitekturan ibilbide oparoa egin eban eta nazinoarteko zein Euskal Herriko jokera artistiko barrienakaz hartuemona euki eban. Lekeition hari buruzko erakusketea ipini dabe eta berbaldia antolatu dabe abuztuaren 10erako.

Imanol Ordorika umetan heldu zan Mexikora, baina beti mantenidu eban loturea Lekeitio jaioterriagaz eta Euskal Herriagaz. Gerra Zibilaren erruz, haren familiak herritik alde egin behar izan eban eta, hara eta hona ibili eta gero, Mexikora heldu ziran, Imanolek zortzi urte eukazala. Gaztetan, arkitektura ikasketak egin zituan Mexikoko Unibertsidade Autonomo Nazionalean.

1956an diseinau eban lehenengo eraikina Imanol Ordorikak, Acapulcoko Elcano hotela hain zuzen. Eraikin moderno eta funtzionala zan. Hotelak eta beste eraikin handi ugari egin zituan bere ibilbidean eta ospea lortu eban, batez be Mexikon. Sasoiko abangoardien eragina dauka bere obreak. Mexikoko Arkitektura Akademiako kidea izan zan.

Arkitekturea ez eze, arte plastikoak eta diseinu industriala be landu zituan Ordorikak. Euskal sortzaileakaz hartuemon handia euki eban, Txillida, Oteiza eta Basterretxeagaz, besteak beste. Berak diseinautako eraikinik ez, baina Ordorikaren pare bat koadro badagoz Euskal Herrian, bata Lekeition eta, bestea, Bilbon.

Imanol Ordorikaren ondarea ezagutzera emoteko, haren jaioterrian, Lekeition, 'Erbesteko euskal arkitektura: Imanol Ordorika lekeitiarra' izeneko zikloa abiau dabe. Barandiaran aretoan erakusketea ipini dabe asteon eta abuztuaren 16ra arte egongo da ikusgai. Aste barruan, 19:00etatik 21:00etara ikusi leiteke eta, asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara.

Ganera, berbaldiak be programau ditue. Inaugurazino ekitaldian, hilaren 3an, Mexikoko unibertsidadeko eta EHUko adituak batu ziran Ordorikari buruzko jakingarriak azaltzeko. Hilaren 10ean, astelehena, beste berbaldi bat emongo dau Maria Jose Ordorikak. Mexikoko Unibertsidade Autonomoko arkitektura irakaslea da eta Imanol Ordorikaren senidea. Berbaldi hori Lekeitioko Kultur Etxeko Azkue aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Osorik irakurri