Busturialdeko antxinako biztanleen bizimodua ezagutzeko hiru gune arkeologiko garrantzitsu dira Forua, Arrola eta Ereñozar. Bizkaiko Foru Aldundiak, horreek hiru guneak ikusi ahal izateko bisitaldi gidatuak antolatu ditu uda sasoian, zehazki abuztuan. Aurretiaz erreserbea egin behar da, leku mugatuak dagozalako. Udako sasoitik kanpo, ez dago horreek hiru eremuak bisitetako aukerarik.
Bisitaldi gidatuen programeak helburu nagusi bi daukaz, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez. Batetik, Bizkaiko antxinako herritarren bizimodua erakustea; bestetik, azkanengo urteotan Arrola, Ereñozar eta Foruan egin diran indusketen barri emotea eta agertu diran nobedadeak publikoari erakustea. Izan be, ikerlan arkeologikoek balio handiko hiru aztarnategi agirian itxi ditue.
Foruko herrigunetik hurre dago erromatarrena izan zan herria. Gaztelua, ostera, Ereñozar mendiko tontorrean agertu da, gaur eguneko ermitearen azpian eta inguruan. Amaitzeko, Arrolako oppidum edo herri gotortua Arratzutik hurre dago, Arrolako tontorraren alboan.
Horreek hiru guneak udan baino ez dagoz ikusgai publikoarentzat. Bisitaldi gidatuak abuztuan baino ez dagoz antolatuta. Hile guztian, hainbat egunetan egongo dira bisitaldiak:
Arrolara, abuztuaren 6, 9, 12, 14, 16, 17, 22, 27, 29 eta 31n.
Foruko herri erromatarrera, abuztuaren 7, 10, 15, 20, 23, 26 eta 30ean.
Ereñozarrera, hilaren 8, 13, 16, 19, 21, 24 eta 28an.
Eguneko bisitaldi bi eratzeko asmoa dauka Foru Aldundiak, 11:00etan eta 17:00etan. Azalpenak euskeraz entzun leitekez, baita gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez be. Arrolan eta Ereñozarren, gehienez 15 pertsonako taldeak egingo dira bisitaldi bakotxean. Foruan, gehienez 30ekoak. Horregaitik, izena emon behar da aurretiaz. Argibideak: santimamine@bizkaia.net
ARROLA: Herri edo kokaleku indigena izan zan Arrolako oppiduma, K.a. IV. mendean eregia. K.o. I. mendera arte, eskualdeko biztanle-gune nagusia izan zan. Arratzu, Nabarniz eta Mendatako alkargunean 16 hektareako eremua hartzen dau. Era horretako kastroak ohikoak ziran Bizkaian Burdin Aroan eta Arrolakoa ondoen konserbautakoa da.
FORUKO HERRI ERROMATARRA: Elexalde menditxuaren ganean dagoz herri horren aztarnak, itsasadarraren ezkerreko aldean. K.a. I. mendetik V.erainokoa da eta 6 hektarea hartzen ditu. Erromak eskualdean euki eban eragina egturatzeko balio izan eban. Antza danez, portua be izan zan.
EREÑOZARREKO GAZTELUA: Bertan topau diran aztarnek Erdi Arotik gaur egunera arteko sekuentzia osotuten dabe. Nekropolia eta desagertutako gaztelua egon ziran han. Bizkaiko historiaren une ezezagunenetako baten lekuko izan zan gaztelua eta ibarreko herritarrak jagoteko erabilten zala uste da, Erdi Aroan.