Antolatzaileek jakitera emon dabenez, talde finalistak aukeratzeko prozesua martxan euki dabe bagiletik. Dagoeneko, aukeratu ditue irailean Urduñako eszenatokian joko daben hiru taldeak: Lochlainn, Klof eta Angela Furquet. Urdufolk nazinoarteko lehiaketea irabazteko lehiatuko dira. Ganera, Alboka 2.1 eta Gabacho Maroconnection taldeek be emonaldi berezia eskainiko dabe jaialdiaren barruan.
Urdufolk nazinoarteko lehiaketa eta jaialdia hirugarrenez egiten dabilz. Antolatzaileek iragarri dabenez, aurten, irailaren 4an eta 5ean egingo dabe jaialdia eta lehiaketako finala 4an izango da. Folk musikea, doinu herrikoiak, etnikoak eta fusioa sartzen dira jaialdi horren estiloaren barruan.
Behin hautaketa prozesua amaituta, hiru finalistak aukeratu ditue. Lochlainn, Klof eta Angela Furquet dira aukeratuak. Irailaren 4an, Urduñako Foruen plazako oholtzan joko dabe eta, ondoren, epaimahaiak irabazlea zein dan erabagiko dau. Finaletik kanpo geratu diranei eskerrak emon deutsez antolatzaileek. Izan be, proposamen ugari eta aniztasun handikoak jaso dituela azpimarratu dabe.
Hiru sari egongo dira: Lehenengoa, nagusia, mila eurokoa; bigarren saria, 600 eurokoa; eta, hirugarrena, 300 eurokoa. Epaimahaian euskal kulturako eragileak, musika arloko kazetariak eta folk jaialdietako antolatzaileak egongo dira.
Dana dala, Urdufolk jaialdia lehiaketea baino gehiago da. Holan, irailaren 5ean barriro bueltauko dira folk doinuak Foruen plazako eszenatokira. Kasu horretan, Alboka 2.1 eta Gabacho Maroconnectionen doinuak entzun ahal izango dira. Emonaldi hori, Urdufolk jaialdia biribiltzeko dala adierazo dabe antolatzaileek.