Kanoikadeagaz, astebeteko jaia hasiko da Donostian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 7a, 00:00

Abuztuaren 8tik 15era, zapatutik zapatura, izango da 2015eko Donostiako Aste Nagusia. Betiko legez, egitarau oparoa eta edade zein gustu guztietarako ekitaldiak egongo dira. Nazinoarteko ospea daukien su artifizialetatik hasi eta Piraten egitarau alternatiboraino, donostiarrek eta bisitariek izango dabe non aukeratu. Era berean, Udaleko alderdi politiko guztiek bat egin dabe eraso sexisten aurkako mezuagaz.

Barrakak Pasealeku Barrian ipiniko ditue, aurreko urteetan legez eta, ganera, umeentzako eremua egongo da Kodo Mitxelena kulturgunearen alboan. Aste Nagusiko azokea be Pasealeku Barrian egongo da. Igaz lehenengo aldiz egin ziran goitibehera lasterketea eta 24 orduko areto-futbol txapelketea barriro antolatu ditue. Zezenketak bueltan dira, polemika eta guzti. Txistularien Alardean, aldiz, Jose Mari Usandizaga zanari gorazarre egingo deutsie.

Donostiako Aste Nagusiko hitzordu tradizionalena su artifizialak izaten dira. 52. ekitaldia izango da. Aurten, zortzi emonaldi egongo dira, beste horrenbeste gautan. Valentzia, Txina, Italia eta Frantziako etxeek parte hartuko dabe, Arabako Valecea ahaztu barik. Lehenengo aldiz, su artifizialei ataratako argazkien lehiaketea ipini dabe martxan.

Kontzertuei jagokenez, eszenatoki ugari egongo dira aukeran. Saguesen, esate baterako, Kalakan eta Oreka TX egongo dira jaietako lehenengo zapatuan, Urtz eta Hesian martitzenean, Bad Manners ingelesak eta Skakeitan eguaztenean, Berri Txarrak barikuan eta abar. Beste estilo bateko doinuak nahiago dituanarentzat, Bulebarreko kioskoko edo Kursaaleko terrazako emonaldiak interesekoak izan leitekez. Kalejirak, jantzaldiak, batukadak eta bertsolariak be ez dira faltauko egunotan Donostian.

Azkanengo urteotan indarra hartzen dabilz Donostiako Piratak. Euren baltsak egin eta uretan fresko-fresko ibiliko dira, ohitureak agintzen dauen legez. Abordajea be egingo dabe. Behin lehorrean, musikea, bertsoak, playbacka eta abar proponiduko ditue Piratek. Jaiak amaitu eta gero, abuztuaren 16an, Irrikitaldia antolatu dabe, Bulebarrean hasita.

Egitarauan dagoz, ganera, aire zabaleko zinema proiekzinoak, lehiaketak, kale-animazinoa eta abar. Egitarau osoa ikusteko, klik hemen.

Osorik irakurri