Bermeon ekitaldi ugari egongo dira, 1912ko galernea gogoan eukiteko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 7a, 00:00

Bermeok, 1912ko abuztuaren 12an jazotako Galarrenaren 103. urteurrena beteko dan ezkero, hondamendi haretan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu hainbat ekitaldigaz. Aingeru Astuik, Bermeoko Udaleko kultura zinegotziak, eta Unai Bilbao Galerna alkarteko kideak egitarauaren barri emon dabe Aita Guria baleontzian egindako prentsaurrekoan. Hilaren 12an ez eze, aste horretako beste egunetan be ekitaldiak egongo dira hondamendian galdutakoak gogoan hartzeko. Aurreko urteetan legez, itsasontzien prozesinoa, kandelak biztuteko unea eta lora eskaintzea egongo dira.

Abuztuaren 12an, eguaztenean, goizeko 10:00etan itsasontzi tradizionalen harrerea egingo da Bermeoko Portuko 'Olatua' eskulturearen parean eta 10:00etatik 14:00etara itsasontziak ikusteko aukerea egongo da lehorrean. 12:00etan zinga txapelketea egingo dabe batelek. Modu horretara, galtzear dagoan ohitura zahar hori ikusteko aukerea emongo jake bertaratzen diranei.

Arratsaldean, 18:00etan, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira eta gabeko 21:00etan itsasontzien prozesino isila egingo da Xixilirantz, 1912ko galarrena gogoratzeko eta itsasoan galdutako arrantzaleak omentzeko.

21:00etan, Portuzaharrean, lehorrean dagozan herritarren artean kandelak banatuko dira. Aurten Serrats enpreseak banatuko ditu kandelak, 125. urteurrena bete dau eta. 143 kandela banatuko ditu, 1912ko galarrenan hildako arrantzaleetako bakotxagatik bat, hain zuzen. Herritarrak bokalerantz abiauko dira eta bertan itsasontziakaz batuko dira. Danek alkarregaz lora eskaintza hunkigarria egingo dabe.

Horrezaz gan, Aingeru Astuik azpimarratu dauenez, abuztuaren 12an, eguaztena, Aita Guria baleontzia doban bisitatu ahal izango da, holan gure herriak itsasoagaz daukan loturea eta gure historia zabaldu nahi doguz. Ganera, Aita Guria baleontzian aroztegi erakustaldia be egingo da eta  aste guztian izango da ikusgai.

Abuztuaren 13an, eguenean, belaontzien nabigazino librea egongo da arratsaldeko 18:00etan eta abuztuaren 14an, barikuan, Isabel Lete Nautikan eta Itsas Garraioan lizentziadunak eta Yate Kapitainen Euskal Alkartearen sortzaile eta bazkide be badanak ‘Galarrenak eta itsasoa’ berbaldia eskainiko dau Aita Guria baleontzian arratsaldeko 19:00etan.  Sarrera dobakoa da. Aitatutako ekimenak Bermeoko Udalak eta Galerna taldeak antolatu ditue.

Bestalde, Bermeoko Arrantzaleen Museoak antolatuta, abuztuaren 8tik 16ra ‘Santa Klara gaueko galarrena 1912’ erakusketea izango da ikusgai. Erakusketa horretan 1912ko Santa Klara gabeko galarrena zelakoa izan zan eta zeintzuk ondorio euki eban ezagutzeko aukerea egongo da. Abuztuaren 12an, eguaztenean, Arrantzaleen Museoko sarrera dobakoa izango da.

Astuik gomutau eragin dauenez, 1912ko galarrenan Matxitxakoko lurmuturretik 45 miliara arrantzan egozan 143 arrantzale hil ziran. Euretatik 116 bermeotarrak ziran eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen.

1912ko galarrena XX. mendeko lan istripurik handiena izan zan gure mugetan eta, hori dala eta, 103 urte beteten diran honetan, urtero moduan, Bermeoko herriak arrantzale horreei guztiei eta euren bizia aurrera atara behar izan eben familiei omenaldi txiki bat egin nahi deutse, azpimarratu dau.

Astuik eta Galerna alkarteko kideek Bermeoko herritarrak eta nahi daben pertsona guztiak ekitaldi horreetan parte hartzera konbidau ditue gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoagaz dogun loturea gogora ekarteko.
 

Osorik irakurri