Bisita gidatu berezia antolatu dabe gaur Arkeologia Museoan, 'Hezurretan idatzia' erakusketara

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 12a, 09:05

Concha de la Rua EHUko antropologoak emongo ditu azalpenak, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da bisitaldia, Bilboko Mallonako Galtzadetan dagoan Arkeologia Museoan. 'Hezurretan idatzia' erakusketan, antropologiaren teknikak zelakoak diran erakusten da eta Euskal Herrian zientzia horrek eukitako bilakaerea azaltzen da.

Erakusketearen komisario biek eskarmentu luzea daukie antropologiaren alorrean. Euretako bat, Concha de la Rua, gaurko bisitaldiaren gidaria izango da. Beste komisarioa Montserrat Hevilla doktorea da. 'Hezurretan idatzia' erakusketea zati bitan antolatu dabe, sei unidadetan banatuta. Lehenengo zatian, iraganeko gizarteak erakusteko antropologiak eskaintzen dituan tresnak erakusten dira. Esate baterako, DNA laginak erabilita, indusketetan topautako gizakien edadea, sexua, gaixotasunak, elikadura-ohiturak eta beste ezaugarri asko argitara ekarri leitekez.

Erakusketearen bigarren zatian, ostera, Euskal Herriko antropologiari begiratzen jako. 19. mendeko lehenengo ikertzaileetatik hasita, zientzia horrek Euskal Herrian euki dauen bilakaerea azaltzen da. Balantze kritikoa egiten da euskal antropologiaren lorpenez. Joxe Miel Barandiaran, Telesforo Aranzadi eta beste izen ezagun asko topauko doguz. 

Bisitaldi gidatu berezia abuztuaren 12an, eguaztena, izango da, arratsaldeko 18:00etan. Arkeologi Museoak zehaztu dauenez, komenidu da aurretiaz izena emotea, telefono zenbaki honetan: 94 404 09 90.

'Hezurretan idatzia' erakusketea abenduaren 8ra arte egongo da Bizkaiko Arkeologi Museoan, Mallona aretoan hain zuzen. Ohiko ordutegia honako hau da: martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara. Domeka eta jai egunetan, 10:30etik 14:00etara.

Osorik irakurri