'Cabaret Chihuahua' antzezlanak euki eban arrakasteari segiduta, 'Chichinabo Cabaret' preparau dau orain artista talde batek. Halandabe, antzezlan barria ez dala aurrekoaren bigarren zatia zehaztu nahi izan dabe. Bilboko Pabellon nº 6 zentroan ikusgai egongo da abuztuaren 21etik 30era 'Chichinabo Cabaret', Sestaoko lanbako mutil baten historia kontetan dauen obra ironikoa, musikal formatukoa.
Deustuibarrako Pabellon nº 6 pabilioiak, alkarlanean produzidutako antzezlan barritzaileak hartzen segiduten dau. Horren erakusgarri da 'Chichinabo Cabaret' musikala, Pabellon nº 6eko laborategian bertan sortutako lana. Abuztuaren 21ean izango da lehenengo emonaldia, 23:00etan. Hilaren 22, 23, 26, 27, 28, 29 eta 30ean be emonaldiak egongo dira. Hartara, Bilboko Aste Nagusiko arte eszenikoen eskaintzearen barruko proposamena be bada.
'Chichinabo Cabaret' musikalaren gidoia Felipe Lozak idatzi dau eta bera arduratuko da zuzendaritzeaz. Musikea Iñaki Marurik egin dau eta koreografiak Ugaitz Alegriak preparau ditu. Maruri eta Alegria, ganera, aktore ibiliko dira eta eurakaz batera oholtzan jardungo dira Irene Bau, Jon Casamayor, Izaskun Fernandez, Quique Gago, Olatz Ganboa, Karmele Larrinaga, Itxaso Quintana eta Mitxel Santamarina.
Hamar aktoreak 'Cabaret Chihuahuan' ibili baziran be, obra barri hau ez dala haren bigarren zatia ohartarazo dabe, bien arteko loturea egon badagoan arren. 'Chichinabo Cabaret' honetan Sestaoko lanbako baten historia kontetan da, lana topetako daukazan trabak, daukan autoestimu txikia. Personajearen buruaren barrura egindako biajea da, neurri baten. Modu ironikoan kontauta dago istorioa, musikalaren ezaugarriakaz nahastauta.
Sarrerak lortzeko, aurretiaz erreserba egitea komenidu da, hemen.