Hau Pittu Hau, Txori Barrote eta Eguzkizaleak konparsen guneari esaten deutsie euskal gunea. Urtero-urtero Areatzako moilan egoten dira eta euskerea eta euskal kulturea ardatz ditualako hartzen dau izen hori guneak. Aurten, zortzi eguneko egitarau zabala preparau dabe hiru konparsen artean, hau da, jaietako lehenengo zapatuan izan ezik, ganerako egunetan egongo da zer egin eta eta zer ikusi Euskalgunean. Ohikoa dan legez, eguneko eta gabeko ekintzak egongo dira.
Jarduera asko euskerearen ingurukoak izango dira, Euskalgunearen nortasunagaz bat egiteko. Halandabe, bestelakoak be eratu ditue Aste Nagusian. Esate baterako, domekan, hilak 23, film laburren emonaldia eukiko dabe. Ganera, gabaz, The Bond Scott Band taldearen kontzertua egongo da Euskalguneko eszenatokian.
Astelehenean, Euskalgune Eguna izango da. Bazkalaurrean Dantza Plaza egingo dabe eta, bazkalostean, Rallypoteoa. Gabaz, karaokea egongo da, DJ Txinoren doinuei lekua egin aurretik. Martitzenean, abuztuak 25, Umeen Eguna izango da. Sukaldaritza tailerra antolatu dabe goizean gaztetxuentzako eta, ondoren, umeentzako bazkaria egongo da. Gero, gurasoena be bai, seme-alabak Dantzatxiki ume-diskotekan dagozan artean. Gabean, senideei omenaldia egingo jake eta kontzertuak egongo dira, Bilbomatiks eta Petrol Destroyers taldeakaz.
Hilaren 26an Lurra Eguna egingo dabe. Holan, euskal jantzien eta musika-tresnen azokea, lorak jagoteko tailerra eta abar antolatu ditue. Arratsaldean Dantza Plaza egongo da eta, gabaz, Memoria de Pezen kontzertua. Eguena Euskerearen Eguna izango da Euskalgunean. Dana dala, hizkuntzeagaz lotutakoak baino, umeei zuzendutako jarduerak izango dira nagusi goizean. Ur-jolasak eta ginkanea eratu ditue. Arratsaldean Gora Herriagaz erromeria egongo da eta, gaba biribiltzeko, bertoko taldeak konbidau ditue Euskalguneko oholtzara: Solte, Sutan, Haxotz eta Crazy Chaos.
Barikutik domekara, egitaraua meharragoa izango da Euskalgunean. Barikuan herri bazkaria egingo dabe, Elkartasun Egunaren barruan, zapatuan, ume eta nagusientzako zumba saioa egongo da eta, jaiak amaitzeko, domekan, umeentzako herri-kirolak antolatu ditue.