Urteroko hitzordua bueltan da Plentziako Eleiz Plazara eta, horri esker, herritarrek eta bisitariek produktore ugariren gaztaiaz disfrutau ahal izango dabe, baita txakolinaz be. Abuztuaren 16an, Goizeko 11:00etan zabalduko ditue salmentarako mahaiak, Plentziako Idiazabal Jatorri Izendapeneko Gaztaiaren lehiaketearen 26. ekitaldian. Hiru sari emongo dira.
Antolatzaileek zehaztu dabenez, lehiaketa hutsa baino gehiago izango da domekakoa, herritarrentzako jaia izatea nahi dabe. Kontuak kontu, lehiaketea goizeko 10:00etan hasiko da. Orduan, lehiakideek izena emon beharko dabe eta, ordu erdi geroago, euren gaztaiaren zati bana emon beharko deutsie epaimahaiari. Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko piezea dala ziurtetako baldintzak bete beharko ditue pieza guztiek.
Epaimahaia lanean dagoala, produktoreek euren gaztaiak erakutsi eta saldu ahal izango ditue. Goizeko 11:00etan hasita, azokea egongo da, hamasei erakusmahaigaz, Plentziako Eleiz plazan bertan. Gaztaia ez eze, txakolina be egongo dala aurreratu dabe antolatzaileek.
Lehiaketako irabazlea aukeratzeko, epaimahaia hiru taldetan banatuko da. Talde bakotxak hiru kide eukiko ditu, euretako bat Idiazabal Jatorri Izendapeneko Dastaketen Batzorde Ofizialeko kidea eta beste biak sukaldaritzearen alorreko edo gizarteko persona ezagunak. Talde bakotxak pieza jakin batzuk probauko ditu eta talde bakotxak aukeratutako onenak finalean probauko ditue danek barriro, behin betiko irabazlea aukeratzeko.
Eguerdiko 12:30etan amaituko dabe lana eta ordu erdi geroago jakineragingo dabe irabazlea zein dan. Hiru sari banatuko ditue: Onenak 300 euro eta kopea lortuko ditu. Bigarrenak, 150 euro eta kopea. Hirugarrenak, 50 euro eta kopea. Idiazabal Gaztaien 26. lehiaketea ez eze, Plentzia Uriko 31. gaztai sariketea be egingo da domekan, Udalak zehaztu dauenez.