Eusko Ikaskuntzako idazkari, Eusko Kultur Fundazinoko arduradun eta Euskalerria Irratiko sortzaileetako bat izan zan, besteak beste, Eugenio Arraiza. Euskerearen alorrean, batez be Nafarroan, ibilbide oparoa egin eban eta kulturgintzan be jardun zan. 79 urtegaz hil da eta asteburuan egingo deutsie azkanengo agurra.
Eugenio Arraiza 1936an jaio zan Iruñean. Loiolan ikasi eban, jesuiten egoitzan. 40 urtegaz hasi zan euskerea ikasten, lehenagotik euskal kontzientzia eta kulturea bultzatzeko gogoa baeukazan arren. Behin euskeraz ikasita, euskalgintzan laguntzeari ekin eutsan eta proiektu ugari sortzen edo gidatzen lagundu eban. Ezagutu ebenen arabera, Arraiza beti egoan prest euskerearen aldeko ekimenei eskuzabaltasunez laguntzeko eta bere aletxua ipinteko, batez be Nafarroan.
Eusko Ikaskuntzan ibili zan urte askoan eta bertako idazkari izatera heldu zan. Gero, erakunde horren Nafarroako arduradun be izentau eben. Bestetik, Eusko Kultur Fundazino burua izan zan, Euskal Kantuzale Elkarteko Nafarroako presidentea eta UEUko eragilea. Hedabideen alorrean, Euskalerria Irratia, euskera hutsezko irrati nafarra, sortzeko egin eban ahalegina da aitagarriena.
Kultura arloko gizona, jakinmin handikoa izan zan. Liburu ugari be idatzi zituan, adibidez gerra sasoiaz bat eta jesuitetan ibili zaneko gomutei buruzko beste bat eta historiari buruzko batzuk. Historia eta literatura arloko hainbat alkartetan parte hartzen eban eta toponimia eta ondarea batzeko lanean be ibili zan.