Oihana Pascual: 'Gauez urtetearena aurreko urteetan baino gehiago kontrolau beharko dot'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 17a, 00:00

Bilboko Aste Nagusiko protagonista nagusietako bat izango da aurten Oihana Pascual, jaietako txupinerea hain zuzen. Ingurugiro Zientzietan lizentziadua da eta, gaur egun, irakasle dabil. Txomin Barullo konparsako kidea da 2006tik. Harrigarria dan arren, 37 urtean lehenengoz eukiko dau Txomin Barullok txupinerea. Gurutze Beitia pregoilariagaz batera, Oihana Pascual geratu barik ibiliko da bederatzi egunean, Aste Nagusiko ekitaldi batetik bestera. Bere burua prest ikusten dau, baina, erronka horretarako.
 

1.- Zer moduz hartu dozu izendapena?

Poztasunez eta emozinoz hartu dot eta urduritasun puntutxu bategaz be bai, honek dakarren ardureagaitik. Halandabe gogoz nago, txupinaren eguna noiz helduko desietan nago.
 

2.- Gurutze Beitia aktorea izango da pregoilaria, ordu asko pasauko dozuez alkarregaz...

Egia esan, oso erraza izan da hasieratik beragaz zeregin hau alkarbanatzea, alkarregaz primeran pasauko dogu eta ahaleginduko gara, danetara ezin bada, ahal danik eta ekitaldi gehienetara heltzen. Ordu asko ez, bederatzi egun pasauko doguz alkarregaz.


3. - Txomin Barullo ordezkatuko dozu txupinera karguan, esan deutsue zergaitik aukeratu zaituen zu?

Beharbada konparsakideei galdetu beharko jake. Txupinerea geurea izango zala jakin genduanean, hainbat gauza hartu behar izan genduzan kontuan. Pentsetan dot konparsea ordezkatzeko aukera ona nazala uste dabela, neuk be holan uste dot, bestela ez neban kargu hau onartuko. Azken finean, bilatzen da persona bat Aste Nagusia ordezkatzeko prest egongo dana, bere konparsearen irudi izango dana eta prest egongo dana erronka honi aurre egiteko.


4.- Zein izango da zure zeregina jaietako bederatzi egunetan?

Lehenik eta behin, txupinaren egunean, puntual-puntual, arrastiko zazpiretan txupina bota. Espero dot jente asko eta asko hurreratzea Arriaga plazara. Handik aurrera, egunero goizeko hamarretatik gaueko hamarretara ekitaldirik ekitaldi ibili beharko dot eta gauez be ikusiko da. Gatxa izango da eguneko eta gaueko gauzetan, danetan egotea. Hori bai, egunero goizeko hamarretan txupina botako dot Arriagan. Bisitauko dodazan ekitaldietako batzuk ezagutzen dodaz, batez be konparsek antolatzen dituenak, urtero-urtero parte hartu izan dot eta. Herri-kirolak, lehiaketa gastronomikoak, ur-jokoak... Baina badagoz bestelako batzuk, adibidez ospitaleko bisitea edo Txikigunea zabaltzeko ekitaldia, niretzat barriak diranak. Ganera, medioei kasu egin behar jake.


5.- Erritmo horri eusteko planik badaukazu?

Buruan daukadan bakarra da, gauez urtetearena aurreko urteetan baino gehiago kontrolau beharko dodala. Halandabe, Bilboko Aste Nagusiak badauka ezaugarri bat, sartzen zara jaietako zurrunbiloan eta harrapau egiten zaitu, Marijaiak gidatu egiten zaitu. Urtero holan egin badot, zelan ez dot egingo aurten, txupinerea izanda. Esan deustienez, emozinoak lagundu egiten dau egun horreetan zehar.


6.- Danak zuri begira egongo dira, presinoa be igarriko dozu?

Tira, ni aste horretan txupinerea izango naz, ez Oihana, eta aste hori amaituta, barriro izango naz Oihana. Jenteak errespetuz eta kariñoz tratetan zaitu, jentea prest dago laguntzeko. Txupinerea izatea pribilejioa da, neuri egokitu jat aurten eta, beraz, jenteak neugaz argazkia atara nahi badau adibidez, hori gauza zoragarria da.


7.- Aste Nagusian zer da gogokoen dozuna?

Gatxa da aukeratzea. Nik gehien ezagutzen dodazanak konparsen ekitaldiak dira. Txupineko jatsierea oso gustoko dot, herri kirolak eta lehiaketa gastronomikoak be bai. Ez horrenbeste neuk egitea baina bai ikustea edo laguntzea. Norberaren konparsan egiten diranak be ondo egoten dira, beti dagoz gauza politak. Ganera, orain arte ezagutzen izan ez dodazan ekitaldi askotan egon beharko dot aurten eta hurrengorako apuntau egin beharko dot bateren bat gustau ezkero.


8. - Zu zeu zergaitik sartu zinan konparsen mobimentuan?

Hasierea betikoa izan zan: Lagunen bat daukazula konparsan, txosnan txandaren bat egiteko eskatzen deutsue, ondo pasetan dozu, gero bazkari batera zoaz eta, azkenean, batzarretan parte hartzen hasten zara eta, konturatu orduko, konparsako kidea zara. Ni holan hasi nintzan eta, hara, orain txupinerea naz. Horrezaz gan, konparsakidea izanda, badago jaia beste modu baten biziteko gogoa. Konparsakide garenok ondo dakigu Aste Nagusia izugarria dala baina konparsa baten barruan jaiak beste dimensino bat hartzen dauela. Jaien eraikuntzan parte hartzen dozu, ordu asko dira, baina gustura egiten dan lana da, besteakaz alkarbanatutakoa. Konparsa asko gara, konparsa guztiak gara bereziak, baina bakotxak badauka bere nortasuna, izakerea, kolektibo bat atzean. Identifikauta sentidu behar zara proiektu edo idea horregaz.


9.- Zelan deskribiduko zeunke Txomin Barullo, zure konparsea?
 

Txomin Barullok historia luzea dauka, Aste Nagusiaren sorreran parte hartu eban. Jaietako eredu barria sortzeko ideen artean, Txomin Barullorena aukeratu zan, lehiaketa baten. Txomin Barullok beti euki dau ezkerreko pentsakerea, ezkerretik egindako umorea eta kritikea dira bere ezaugarriak. Bilboko Arenalean beti ideia horren inguruan ibili gara, eta bagabilz, ze gaur eguneko egoereak emoten dau satirarako eta kritikarako. Negarrerako be badagoz arrazoiak gaur egun, baina guk jaia egiten dogu, orduan ezkerretik eta umorez egiten deutsagu aurre eguneko gizartearen kritika horri, gurea kritika garratza be bada apur bat .


10.- Deigarria da 37 urte eta gero aurten egokitu izana Txomin Barullori txupinerea. Zelan hartu da konparsan izentapena?

Bai, sasoia izan da, bai. Gure aurtengo leloa, hain zuzen be, horixe da, Bazen garaia!. 37 urtez egon gara zain, baina suberteak holako gauzak daukaz, anekdotarioak holan beteten dira. Bromak egiten izan doguz honen kontura, tokau jakunean ez genduan sinisten egia zanik. Pozarren gagoz, oso urte berezia izango da hau guretzat.

Osorik irakurri