Kanpoko persona-izenen eta izen mitologikoen grafia arautzeko langintzearen barruan, hirugarren araua argitaratu dau Euskaltzaindiak: 177. araua (Antxinateko persona-izenak eta izen mitologikoak (III). Bibliako izenak).
Biblia Mendebaldeko kulturearen ezinbesteko erreferentea da, eta pinturan, eskulturan, musikan, literaturan, poesian, antzerkian edo zineman iturri agortezina izan da: Biblian agertzen diran persona-izen asko behin eta barriro agertzen dira artelanetan.
Horregaitik, egoki eretxi deutso Euskaltzaindiak Biblian agertzen diran izen nagusiak batzeari eta, euskerazko tradizinoa arakatu ondoren, euskerazko grafia zehazteari. Tradizinoaz gan, 66. araua —Santutegiko izen ohikoenak— eta 76. araua —Latin eta greziar persona-izen klasikoak euskeraz emoteko erispideei buruzko erabagia— iturri egokiak dira grafia zehazteko erispideak ezartzeko.
Arauaren sarreran, zehatz-mehatz aitatzen dira grafien inguruko jakingarriak. Erispide horreei jarraituz moldatu dira Bibliako persona-izenen zerrendak, Itun Zaharrekoak zein Itun Barrikoak. Kontuan hartu dira, era berean, literatura-tradizinoa, Eleizen arteko Biblia eta euskerazko entziklopediak. Arauan, danetara, 202 izen jaso dira (Barnabe, Ezekiel, Jakue Alfeorena edo Jakue Txikia, Maria Magdalakoa, Matusalem…). Eta zenbait ohar argigarri be sartu dira. Adibidez, Juda eta Judas grafien erabilera-esparruei buruzkoak, edo Jahveh eta Jehova grafiei buruzkoak.
Exonomastika batzordeak lantzen dituan lanetan ohikoa dan legez, zerrenda eleaniztun bat emoten da, izen bakotxa euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez zelan idazten dan erakusteko.