San Juan ontziaren pieza bat Donostiako Bulebarrean landuko dau Albaolak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 17a, 00:00

San Juan ontzia 16. mendean hondoratu zan eta haren erreplikea egiten dabil Albaola itsas faktoria, sasoi haretako teknikak erabilita. Helburua da, euskal ontzigintzearen historia gizartera zabaltzea eta itsasoko ondarea ezagutarazotea. Abuztuaren 17, 18, 27 eta 28an, itsasontzi horretarako pieza bat jentaurrean landuko dabe, Donostiako Bulebarrean. Holan, San Juan barkuaren erreplikea zelan egiten dabilzan ikusi ahal izango dabe bertatik pasetan diranek.

Ugartemendia plazan, Bulebarreko kioskoaren alboan ipini dau Albaolak bere tailerra. Lau egunetan, alkarte horretako arotzak egurra lantzen ibiliko dira. Zehazki, abuztuaren 17, 18, 27 eta 28an dago San Juan ontziaren ganekoak bertatik bertara ezagutzeko aukerea. 16. mendeko teknikak erabilten dituenez, eskuz ibiliko dira beharrean, arotzeriako tresnakaz.

Ekimen didaktikoa dan ezkero, bertara hurreratzen diran herritarrek informazinoa jasoko dabe, bai San Juan ontziaren historiaz, bai berau berregiteko dagoan proiektuaz eta baita Albaolako ontziolan dagoan lan egiteko moduaz be. Alderdi historikotik, San Juan ontziak garrantzia handia dauka, euskal balea arrantzaleen bizimodua ezagutzeko eta sasoi haretako ohituren barri eukiteko informazino baliagarria atara ahal izan dalako. Albaolaren proiektuagaz, hori ezagutza guztiori gizartearen esku ipini nahi dabe.

Era berean, Maribeltz itsasontzia ikusgai egongo da Donostian. Ontzi hori Zumaian eregi zan 1940ko hamarkadan. Balio historiko handiko barkua da, egurrezko batel tradizionala dalako, euskal portuetan sasoi baten ohikoak ziran erakoa. Amurako bela eta guzti erakutsiko dabe.

Horrezaz gan, Albaolak ohiko erritmoan segiduten dau Pasaiako bere instalazinoetan San Juan ontziaren egiturea egiten. Han be, bisitak egin leikeez interesa daukien herritarrek.

Osorik irakurri