Freskurea eroango dabe konparsek Aste Nagusira, Erripa moilako izotz-pisteagaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 18a, 00:00

Urtero legez, Bilboko Konparsek ekitaldi piloa antolatu ditue Aste Nagusirako eta kolore berezia emongo deutsie jaiari. Aurtengo nobedadea, Erripako moilan ipiniko daben izotz-pistea izango da. Astelehenetik eguenera egongo da zabalik. Bertan, ganera, moda desfilea egingo dabe konparsetako kideek. Horrezaz gan, Llano Project-eko aktoreek ekitaldi sorpresea egingo dabe jaietako lehenengo zapatuan, lehiaketa gastronomikoaei indar handiagoa emongo deutsie eta goitibeheren jatsierea eratuko dabe barriro.

Arriaga plazan egindako aurkezpenera beroki eta txanoak jantzita agertu dira konparsetako kideak, abuztuan gagozan arren. Horren arrazoiaren barri emon dabe: Aurten, izotza ekarriko dabe Bilbora, noz eta udearen erdi-erdian. Izan be, Izaskun Madariaga konparsetako bozeroaleak azaldu dauenez, urtero-urtero listoia gorago ipinteko asmoan, aurten izotz-pistea ipintea otu jake. Bilbon abuztuan egon ohi dan sargoriari aurre egitea erabagi dogu, adierazo dau Madariagak. Itsasadarreko uretan ipini nahi ebela zehaztu dabe Konparsek, baina arazo tekniko gehiegi dakarzala horrek. Edozelan be, izotz sintetikoa ipiniko dabe Erripan.

Erripako moilan egongo da izotz pistea, Arenaleko zubiaren alboan. Aste Nagusiko astelehenetik eguenera, uritar eta bisitari guztiek erabili ahal izango dabe pistea. Ganera, eguaztenean, hilak 26, moda desfilea egingo dabe pistan bertan, 20:30ean. 'Neguda' denporaldiaren moda desfile mundiala izango da, dino Madariagak, Zazpi Kaleetako dendek itxitako erropea erakutsiko dogu. Konparsakideak ibiliko dira modelo lana egiten.

Bilboko Konparsek aurten dakarren beste nobedade nagusia Llano Project ekimenaren eskutik dator. Aktore talde horrek urtebete inguru daroa martxan eta txupinaren egunean ikuskizun sorpresea egingo dabe. Askorik ezin da aurreratu, sorpresea dalako, baina ikuskizuna ez eze, erreakzinoa sortu nahi dogula aurreratu geinke, dino Erik Leal Llano Projecteko kideak. Bilboko periferiari garrantzia emon nahi deutsagu, ekimen horren bidez auzoak erdigunera ekarri nahi doguz, sarri ahaztuta geratzen dira eta, ganeratu dau Lealek. '78ko espiritua' dalakoa berreskuratu nahi dabela be aurreratu dabe.

Urtero legez, lehiaketa gastronomikoak be antolatuko ditue Aste Nagusian. Arrain Fish festibalak leku berezia hartuko dau. Umeei parte hartzeko aukera zabalagoak emotea eta kanpotik datozan bisitariei lehiaketa gastronomikoak ezagutzeko modua emotea dira helburuak. Kalean sukaldaritzea egitea, bertoko produktuakaz, da gure asmoa, dino Madariagak.

Igaz berreskuratutako goitibeheren txapelketei eutsiko deutsie, konparsetako ordezkariek argitu dabenez. Hiri Krossak be ez deutso bere urteroko hitzorduari huts egingo. Aurtengo edizinoan abiapuntua aldatuko dabe, Epalza alargunaren kalera baina, ganerakoan, ohiko nortasunari eutsiko deutso Hiri Krosak, Jon Garcia antolatzaileak azaldu dauenez: Beti ekarten doguz atleta ospetsuak, baina politena da, horreek goi mailako kirolariak ume eta gazteakaz batera ibiliko dirala. Zuri Baltza klubak 60 urte bete dauezala eta, xakeagaz lotutako jarduerak Alondigara pasauko dira.

Eredu herrikoi, parte-hartzaile eta parekidean oinarrituta dago Bilboko Aste Nagusia, dino Izaskun Madariagak. 30 konparsa dagoz gaur egun eta aurten 29 txosna ipiniko ditue, bi barriak. Konparsek 500 aktibidadetik gora antolatzen ditue, eta horri gehitu konparsa bakotxak bere kabuz egiten dituanak. Bederatzi egun zoro eta liluragarri disfrutetako deia egin dabe konparsek eta, amaitzeko, oharra egin dabe: Eraso bako jaiak nahi dituela eta erasotzaileak jaigunean ez dirala ondo-etorriak garbi itxi nahi izan dabe.

Osorik irakurri