Egitarau zabala Donostian, Tabakalera zentroaren inaugurazinoaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 20a, 00:00

Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa, irailaren 11n zabalduko dabe. Hori ospatzeko, ekitaldi piloa antolatu ditue, esate baterako, kontzertuak, proiekzinoak eta erakusketak. Bisitaldi gidatuak be egongo dira. Iraileko bigarren astean izango dira inaugurazinoaren inguruko jarduera gehienak. Tabakalerako arduradunek adierazo dabe herritar guztiei zabaldu nahi deutsiela zentroa.

Goitik behera aldatuta eta nortasun barriagaz dator Donostiako Tabakalerako eraikina. Aurrerantzean, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa izango da. Ane Rodriguez zuzendari kulturalak adierazo dauenez, herritar guztiak konbidau nahi ditue inaugurazinora, zentro edegia izatea nahi dabe eta.

Inaugurazino ofiziala iralaren 11n izango da. Halandabe, horren aurretik be ekitaldiak eratu ditue antolatzaileek, Tabakalera barriari ondo-etorria emoteko. Irailaren 6an Mogwal talde eskoziarrak kontzertua eskainiko dau, eraikinaren kanpoko aldean. Irailaren 8tik 10era bisitaldi gidatuak egongo dira. Ane Rodriguezen esanetan, herritarren kuriosidadeari erantzungo deutsie holan. Tabakalerako proiektua eta erabarritze prozesua erakutsiko ditue. Aurretiaz izena emon behar da bisitaldietan parte hartzeko.

Irailaren 11n, arratsaldeko 18:00etan, inaugurazino ekitaldia egingo da. Artista konbidaduek euren ekintza artistikoak egingo ditue eta nahi daben herritar guztiek ikusi ahal izango ditue. Erakusketa-aretoko lehenengo erakusketea be egun horretan zabalduko da. Bertoko eta kanpoko 28 artistaren lanak batzen ditu, ikus-entzunezko kodeak inguruneagaz ze harreman daukan aztertzen dauen erakusketeak. Sotoan beste erakusketa bat ipiniko dabe, antxinako tabako-fabrikako emakume beharginakaz Marion Cruza eta Pablo Marte artistek egindako proiektuari buruzkoa.

Irailaren 12an Tabakalerako zinema-aretoa estreinauko dabe, Ivan Zuluetaren Un, dos, tres, al escondite ingles filmagaz. 1969koa da pelikula hori. Era berean, hilaren 12 eta 13an, tailerrak, musikea eta abar egongo dira. Rodriguezek azaldu dauenez, behin Tabakalera zentroa zabalduta, egitaraua zabaltzen joango dira, gero eta proposamen kultural gehiago hartu ahal izateko. Halandabe, Zinemaldia amaitu arte ez dauela martxa normalik hartuko aurrikusi dau.

Osorik irakurri