Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Formula Student taldea lehian sartuko da abuztuaren 26tik 30era Montmelon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 25a, 00:00

Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko Formula Student Bizkaia (FS Bizkaia) taldea Europa osoko unibersidade onenekaz lehiatuko da barriro be abuztuaren 26tik 30era, Kataluniako Montmeló zirkuituan. 130 talderen artean 40. lekua lortuz eta barriro be espainiar estaduko unibersidadeetatik joandakoen artean onena izanez Silverstonen oso emoitza ona lortu ondoren, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoaren ordezkaria, Europako eremura mugatuko dan Formula Student Spain izenekoaren deialdira joango da orain.
 
Bartzelonako zirkuituak lehiaketa horren seigarren edizinoa jasoko dau. Bertan, Eskolako ikasleak Europako 13 herrialdetako beste 67 taldegaz lehiatuko dira. Horreetatik ia erdia (32) Alemaniako unibersidadeetatik datoz, eta 17 Espainiako ikastetxeetatik. Italiak bost lehiakide ekarriko ditu, eta beste hiru Erresuma Batutik datoz. Ganerako herrialdeek –Polonia, Finlandia, Portugal, Herbehereak, Suitza, Errumania, Errusia, Estonia eta Frantzia- talde bakarra aurkeztuko dabe lehiaketan.
 
Formula Student Spain lehiaketearen 2014ko edizinoan, FS Bizkaia taldea, espainiar estaduko unibersidadeetatik joandakoen arteko onena izan zan, eta, ganera, lehen postua lortu eban energiaren eraginkortasun rankingean, ibilgailu elektrikoen kategorian. Era berean, prototipoak automobilgintzako merkatuan daben bideragarritasunaren arabera baloretan dituan ‘Business case’ izeneko ranking orokorrean laugarren postuan sailkatu zan.
 
Formula Student Spain lehiaketearen edizino honetan, ibilgailu elektrikoak izango dira, lehen aldiz, taldeek gehien hautatu daben aukerea. Azken urteetan Formula Student Bizkaiak hartu dauen aukerea nagusitzen doa, orain arte aukera nagusia izan dan gasolinazko ohiko motorraren alternatiba lez. Ganera, monoplazearen armazoiaren eraikuntzan karbono-zuntzea erabilteak, hauxe baita ibilgailuaren diseinuaren barritasun nagusia, hobekuntza handiak ekarri ditu ibilgailuaren pisuan, ergonomian eta segurtasunean.
 
Ikasle taldeak 50 kide ditu danetara, horreen artean 11 emakume, eta Industria Teknologiaren Injinerutzako graduko ikasleak dira nagusi, nahiz eta beste titulazino batzuetako ikasleek be parte hartu daben, Telekomunikazino Teknologiaren Injinerutzako eta Industria Antolakuntzearen Injinerutzako graduetakoak kasu. Horreekaz batera, Industria Injinerutza Teknikoko Unibersidade Eskolako ikasleak dagoz. Guzti-guztiek ondo bereizitako lantaldeetan banatuta lan egin dabe: antolaketea eta komunikazinoa, potentzia-trena, xasisa, kontrola eta telemetria, esekidura eta direkzinoa, kornerrak (pneumatikoak, hagunak eta balaztak lako osogaien kontrola) eta I+G.
 
Formula Student Bizkaia balio erantsi handiko prestakuntza osogarria da bertako kideentzat. Talde laneko benetako esperientzia biziteko eta, azken teknologiak erabiliz fabrikazino prozesu anitzak ezagutzeko aukerea emoten deutse injinerutza ikasleei. Taldea ezinbesteko osogai bihurtu da Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikora ikasle barriak erakarteko, eta urterik urte, lehia gogorra sortzen da taldeko kide izan nahi dabenen artean, izan be, jasotako eskaera-kopuruak plaza kopurua hirukoiztu egiten dau.
 
UPV/EHU eta Eskolaz gan, Formula Student Bizkaiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta beste batzuen babesa izan dau, Automotive Intelligence Center (AIC), Seur, Sener, AVL, Altair, Bilboko Udala, Brammer, Batz eta Polistmodel tarteko dirala, bai eta era askotako beste hogeita hamar bat laguntzaileren esku-hartzea be, ibilgailuko hainbat pieza fabriketan lagundu daben Bizkaiko eta Gipuzkoako lanbide-heziketako hamar bat ikastetxe kasu.

Osorik irakurri