Ibilbide luzeko txapelketea da Zarauzko Lizardi eta bertsolari gazteen alorrean erreferentzia bihurtu da. Aurten, 39. edizinoa jokatuko da, eguenean, abuztuak 27, hasita. Finala irailaren 4an izango da. Basarri bertsopaper lehiaketako sari-banaketea be saio horretan egingo da. Lizardin, zortzi bertsolarik parte hartuko dabe aurten. Igaz, Ane Labaka izan zan txapeldun.
Bertsolari Gazteen Lizardi Sariak finalaurreko bi eta finala eukiko ditu aurten. Lehenengo finalerdia eguenean, hilak 27, izango da, Urpekoak alkartean. Bertan, zortzi bertsolari lehiatuko dira, finalerako txartelen bila: Jokin Bergara, Iñigo Ibañez, Imanol Irazustabarrena, Oihana Iguaran, Beñat Jauregi, Haritz Mujika, Aitor Salegi eta Gemma Urteaga Garmendia. Iluntzeko 20:30ean hasiko da afaria eta afalostean ekingo deutsie bertsolariek lehiari.
Bigarren kanporaketea barikuan, hilak 28, jokatuko da, barriro Zarauzko Urpekoak alkartean, ordu berean. Beste zortzi bertsolari batuko dira: Maider Arregi Markuleta, Joritz Baztarrika, Jon Gurrutxaga Urbieta, Xabi Igoa, Aitor Irastorza, Oier Iurramendi Etxeberria, Eñaut Martikorena Lizaso eta Eli Pagola.
Finala irailaren 4an jokatuko da, Zarauzko Modelo aretoan, 22:00etan. Kanporaketetako bertsolaririk onenak lehiatuko dira bertan, txapelaren bila. Bat-bateko txapelketea da Lizardi, baina Zarautzen Basarri bertsopaper lehiaketea be egiten da urtero, inprobisau baino idatzi gurago dabenentzako. Ohikoa dan legez, Basarri lehiaketako aurtengo saridunei Modelo aretoko ekitaldian emongo jakez garaikurrak, Lizardi sariketako saioa amaitu eta gero.