Sollube inguruko Tribisburuko nekropoli erromatarrera bisitaldia egingo dabe bihar Foru Aldundiko arduradunek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 26a, 00:00

Gune arkeologiko hori atontzeko lanak aurrera doaz eta datorren urtean bisitaldi gidatuak antolatzen hastea da asmoa. Bizkaian erromatarren sasoiko aztarna gehiago badagozan arren, Tribisburukoan bakarrik topau dira errauste-nekropoli baten arrastoak. Aztarnen eremuaren konsolidazinorako lana zelan doan ezagutzeko, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputadua eta Juan Jose Cepeda arkeologoa Tribisburun egongo dira bihar, eguena.

Tribisburuko aztarnategia itsasoaren mailearen ganetik 500 metro inguruan dago, Sollube mendiaren magalean. Bermeoko lurretan dago, Busturiakoetatik hurre. Azkanaldion egindako indusketei esker, agirian geratu da nekropolia. Adituen ustez, K.o. 1. eta 4. mendeen artean erabili zan. Karratu formako mausoleoak daukaz (ustrinum izenekoak) eta bertan ipinten ziran hildakoen errautsak, antza danez. Horregaitik, Tribisburuko nekropolia berezia da, Bizkaian ez dalako topau errausketeagaz lotutako beste nekropoli erromatarrik.

Indusketak Bizkaiko Foru Aldundiaren bultzadaz egiten dabilz. Horregaitik, Lorea Bilbao kultura diputaduak bisitaldia egingo dau bihar, eguena, aztarnategira, eremuaren konsolidazino lanak zelan dagozan ikusteko eta Foru Aldundiak daukazan asmoen barri emoteko. Juan Jose Cepeda arkeologo eta indusketen arduradunak lagunduko deutso.

Arkeologia arloan, Bizkaiko eskualderik aberatsenetakoa da Busturialdea. Uda guztietan, Arrolako oppiduma (Arratzu inguruan), Ereñozarreko gaztelua (Ereñotik gora) eta Foruko uri erromatarra ezagutzeko bisitaldi gidatuen programea martxan ipinten dau Foru Aldundiak. Tribisburuko aztarna erromatarren konsolidazino beharrak amaitzen diranean, hori be egitasmoan sartzea da Foru Aldundiaren aurrikuspena. Ondo bidean, baleiteke 2016rako Tribisburun bisitaldi gidatuak antolatzen hasi ahal izatea.

Osorik irakurri