Irailaren 3tik 6ra egingo dabe Getxo Folk jaialdiaren 31. ekitaldia. Aurtengo kontzertu nabarmenen artean, Oskorriren emonaldia aitatu behar da, 45 urte eta gero talde horrek agur esango dauelako. Despedidako biran, Getxon egongo dira hilaren 6an. Ganera, Estrella Morente, Goran Bregovic eta Gwendal be Getxon egongo dira. Kaleko banden desfileak eta aniztasuna bultzatzeko jarduerak be egongo dira, jaialdiko antolatzaileek aurreratu dabenez.
Getxo Folkeko kontzertu nagusiak, ordainpekoak, Areetako Geltoki plazan izango dira, 21:00etan (Oskorrirena 20:00etan). Irailaren 3an Estrella Morentegaz zabalduko dabe programazinoa, flamenko doinuak nagusi dirala. Biharamunean, hilak 4, Goran Bregovicen emonaldiak Balkanetako ijitoen tradizinoa eroango dau Getxora, Ezkontza eta Hileta Bandearen eskutik.
Irailaren 5ean, musika zeltearen txandea izango da. Ibilbide luzea daukan Gwendal taldeak joko dau Getxon. Marta Herrera Getxo Folkeko zuzendariaren esanetan, hemengo publikoak gustuko dauen estiloa da Gwendalena. Kontzertu hori grabau egingo dabe, ostean diskoan argitaratzeko asmoz. Xabi Aburruzagaren laguntzinoa eukiko dabe oholtzan.
Irailaren 6an, jaialdiaren azkanengo egunean, Oskorriren emonaldi historikoa egongo da Areetan. Historikoa izango da, 45 urte eta gero taldea desegin egingo dalako. Hauxe da despedidia agurreko birearen lehenengo kontzertua izango da Getxokoa, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Donostia, Maule eta Bilbora jo aurretik. Getxoko kontzerturako sarrerak agortuta dagoz.
Getxo Folkeko ganerako kontzertuetarako sarrerak salgai dagoz, 10 eta 20 euro artean. Bonoak 50 euroan atara ditue. Egitarau nagusiko emonaldiakaz batera, ganera, beste kontzertu batzuk be eratu ditue Areetako plazako aparkalekuan, doban. Vrienden, Mikel Markez, Aire ahiztak eta abar egongo dira han. Munduko Terrazak zikloan, ostera, Irlandako folka eta flamenkoaren jokera barriak entzun ahal izango dira.
Beste alde batetik, jarduera osogarriak be badakarz aurtengo Getxo Folkek. Umeentzako kontzertu didaktikoa emongo dau Abeltxuriak taldeak. Kale animazinoko bandak ibiliko dira kalerik kale eta Gune Solidarioan Gobernuz Kanpoko Erakundeen erakusmahaiak ipiniko ditue. Bizkaiko Foru Aldundiko Carlos Sergiok azpimarratu dauenez, kulturearen arloan erreferentea da Getxo Folk. Musikeagaz batera artisautzea, gastronomia eta alkartasuna be badagozanez Getxo Folken, Carlos Sergiok uste dau musika jaialdi huts bat baino gehiago dala hau.
Egitaraua deskargau, hemen.