Udea amaitzeko gitxi falta bada be, hemen da barriro be Music Box Festibala 2016a heldu aurretik izango dan hirugarren eta azken kontzertuagaz. Is Tropical britainiarrek eta Las Tea Party Dj's getxotarrek hitzordu ederra atondu dabe Donostiako portura hurreratu eta parte hartu nahi daben guztientzat.
Hasiera batean irailaren 11n egitekoa zan kontzertuaren eguna aldatu eta 10ean izango da azkenean; holan, ekitaldi honek Tabakaleraren inaugurazinoagaz amaituko dan astegoien bikaina osotuko dau. Oraingoan, musikea 20:00ak aldera hasiko da, eta kontzertua zein lekutan izango dan jakinaraziko dabe antolatzaileek bezperan sare sozialen bitartez.
Era berean, bideak zabalik dagoz oraindino nahi dauen guztiek 2016an Music Box Festibalaren kontzertuak egiteko guneak iradoki deiezan, bai webgunearen bidez, baita irailaren 10ean portuko hainbat lekutan jarriko diran postontzien bidez be.
2016ko egitaraua
Donostiak musika kutxa bihur daitekezan espazio ugari ditu, eta premisa hori izan zan, hain zuzen, Music Box Festibalaren abiapuntua, maiatzean. Ahotsen itsasargiak bultzatuta, festibal horrek publiko barriak bilatu nahi ditu, uriko kultur ehuna indartzeko. Ginmusicagaz batera, Donostia 2016k uriburutza urterako antolatutako musika ikuskizunen atariko legez, hiru kontzertu iragarri zituen 2015ean. Esangura horretan, maiatzean, Devendra Banhart & Andi Cabic + Manett eta bagilean Motorama + Munlet entzuteko aukerea izan ondoren, Is Tropical eta Las Tea Partys Dj's-en kontzertuagaz amaitutzat emongo dira aurkezpenak, eta laster aurkeztuko dan 2016ko egitaraua abiatzeko momentua izango da.