Aitor Elizegi sukaldariak be bat egin dau Poziktibity ekimenagaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abu. 31a, 00:00

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Aitor Elizegik, Bascook jatetxeko sukaldari ospetsuak, Poziktibity proiektuaren 2015. urteko bigarren bideoa aurkeztu dabe gaur Bilboko Erriberako merkatuan. Aurkeztu dan bideo berriak jentea euskerea ikastera animau nahi dau.

Poziktibity euskerearen erabilerea sustatzea helburu dauen proiektua da eta, dagoeneko, urtebete igaro da kontzeptua lehen aldiz zabaldu zanetik. Kontzeptu edo ideia bat baino gehiago bizitza ulertzeko eta gozetako modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan sarritan errepetidu da Poziktibity kontzeptu bizia dala. Eta bizirik dagoana moldatu, aldatu, garatu egiten da.

Igaz persona ospetsuen laguntzino eta babesa izan eban proiektuak Poziktibityren energia hori transmitiduteko (bideoetan persona ezagunak agertzen ziran). Aurten be proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituan persona garrantzitsuak (gaurko prentsaurrekoan, Aitor Elizegi), baina egunerokotasuneko momentu arruntetan oinarrituko da (bideoetako protagonistak persona anonimoak izango dira). Aurten, Poziktibityk ohikotasunagaz zerikusia daben kontzeptuak landuko ditu.

Iraila ilusinoen hilebetea da, erronka barrien hilebetea. Horregaitik dinogu proiektuaren bigarren olatu honetan iraila Poziktibity dala. Bigarren bideo honek jentea euskerea ikastera animau nahi dau, izan be, euskerara hurreratzeko, euskerea ikasteko, hilebete garrantzitsua da iraila, jente askok hartzen dauelako euskerearen itsasoan sartzeko erabagia. Hain zuzen be, azken 30 urteotan helduen euskaltegiek 100.000 hiztun barri ekarri ditue euskerara, eta hori nabarmendu beharrekoa da. Euskaldun barriek haize freskoa emoten deutsie geure hizkuntzeari. Zenbat eta hiztun gehiago, euskeraz egiteko hainbat eta aukera gehiago. Gainera, aurkezpenean azaldu daben legez, euskerea edozein edadetan ikasi daiteke. Aitor Elizegi bera euskaldun barria da eta aurkezpenean bere esperientziak eta eretxiak konpartidu ditu.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak azaldu dauenez, helburua ez da danek euskera-maila altua izatea, nork bere helburuak ezartzea baino. Azken finean, euskereak hiztunak behar ditu. Bikain edo ez hain ondo erabiliko dabenak, hobeto edo makurrago, baina hiztunak. Horretarako, euskerara hurreratzeko, hilebete garrantzitsua da iraila. Bakotxak bere erritmoan ikasiko dau euskera, ahal dauen moduan. Eta gehitu dau: euskeraz ikasterakoan ez dago bidezidorrik, ez dago lasterbiderik, baina apurka-apurka joateko aukerea emoten dau. Honetarako, gure artean hizkuntza-maila desbardinak egotea aberasgarria da. Hori dala eta, A1 eta A2 hizkuntza mailak gehitu izanaren garrantzia azpimarratu nahi dot. Gainera, 2013tik euskeraz ikasteko diru-laguntzinoak handitu egin doguz. Eta iraila ilusinoz beteriko hilebetea izanik, herritar guztiak konbidau nahi doguz hurren daben euskaltegira joan daitezan, euskerara hurreratu daitezen, bildurrik eta lotsarik barik.

Osorik irakurri