Expodistritoko erakusketa ibiltariak martxan dira Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 2a, 00:00

Expodistrito Bilboko barrutietako udal zentroetan izaten diran aldi baterako erakusketa ibiltarien zikloak martitzen honetan hasi dau urteko azken hiruhilekoko egitaraua. Oraingoan, Abando-Barrainkua, San Inazio-Ibarrekolanda, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko, Castaños, Burtsa eta Errekaldeko zentroetara hurreratzen diran bilbotarrek zazpi erakusketa ibiltariz gozau ahal izango dabe urtarrilaren erdialdera arte: lau pintura erakusketak dira, bi argazkien ganekoak eta bestea grabaduari eskainitakoa. Bilboko Udalak jakinarazo dauenez, urteko azken hilabeteetarako programea iraileko lehen hamabostaldian hasiko da, hiru pintura erakusketagaz eta grabaduari buruzko bategaz irailaren 1etik 15era, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Abando-Barrainkuako udaltegietan.

Era berean, eguaztenean jentearentzat zabalduko diran erakusketen artean, azpimarratzekoa da Aitor Gómez Arribillagaren, Asier Olabarrietaren eta Unai Villenaren Hiri asko bere baitan lankidetza proiektua. Argazki lan hori hiru ardatzetan oinarritzen da: euskerea, musikea eta argazkia, eta emoitzea, Bilboko zortzi barrutietako bakotxean oinarritutako zortzi artelan dira.

Artelan bakotxa barruti horreetako txoko esanguratsu baten argazkiak, beragaz lotutako testu batek eta musika batek osotzen dau. Ekimenak, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailaren Ideiak Martxan Lehiaketearen saria irabazi eban, eta erakusketea Begoñako Udaltegian ikusi ahal izango da lehenengo, hilaren erdialdera arte.

Erakusketa programazinoak Alberto Palomeraren marrazki erakusketa bat be jasoten dau, arte sorkuntzara eroaten dauen prozesua bera azpimarratzen dauen zirriborro bildumeagaz. Eguaztenean zabalduko diran erakusketek Carlos Bóvedaren pinturatik egiten dan ibilbide artistikoa be jasoten dabe, baita Música y paisajes izenburuko Enrique López Suárezen akuarela bildumea be. Lehen hamabostaldiko erakusketen artean azpimarragarria da baita Mikel Belacortu artista grabatzaile eta eskulturagilearen grabadu bildumea.


Frank J. Pardo

Grabaduari eta pintureari buruzkoa da Frank J. Pardo artista sevillar polifazetikoaren erakusketea. La Taller galerian egiten dau lan, eta eskulturagile lez dabil Sareak kolektiboan. Gaur egun, Liberarte izeneko kultur eta gizarte proiektuan be hartzen dau parte.

Ohikoa danez, barrutietatik txandakatuz joango diran urteko azken hiruhileko honetarako proposamenen artean, Oliver Martínezen eta MLuz Cañeteren bigarren argazki erakusketea be badago. Motxilea hartu eta prisarik bako, estresik bako eta, orain arte arrotz egiten izan jakezan munduak ulertzeaz gan ezelako helbururik bako bidaiari ekin eutsien. Holan, ia nahi barik, bidean topetan zituen istorioak ipuin eta argazki lez irudikatzeko proiektua sortu zan.

Expodistrito programea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, eta baita dagoeneko ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be. Ohikoa danez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakotxaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietan bertan, www.bilbaokultura.net webgunean eta 010 telefono zenbakian konsultau daitekez.
 

Osorik irakurri