AEK-k 2015-2016 ikasturterako matrikulazino kanpainea aurkeztu dau bart Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eta Artezkaritza Kontseiluko kideek (Oskar Elizburu, Iñaki Urkijo, Bixente Claverie eta ardura horretan arpegi barriak, Gorka Arbulu eta Xabi Gartzia) emon dabe AEKren eskaintzearen barri. Kanpainea Euskara praktikoa goiburupean egingo da. Azken urteotako ideatan sakonduta eta AEKren betiko izakereari eutsita, aurtengo kanpainan euskerea egunerokoan edo lanean erabili nahi dabenek metodo eraginkorra topauko dabela AEKn azpimarratu nahi izan dau. Euskera praktikoa, eguneroko preminei aurre egiteko bideratuta. Idea horixe da: AEKgaz lortuko dozue nahi dozuen guztia ulertzea, nahi dozuen guztia esatea, azaldu dabe.
Euskerea ikastea posible da, merezidu dau. AEKren eskutik nahi dozun guztia esateko aukerea lortuko dozu. Horretarako hauxe eskaintzen dogu: Metodo eraginkorra, euskaltegiak Euskal Herri osoan, urte osoan zehar zabaldutako barnetegia Foruan, irakasle talde prestu, prestatu eta eskarmentuduna, egunean bi orduko euskalduntze ikastaroak, ikastaro trinkoak, titulu homologatuak lortzeko aukera maila guztietan, 3. maila/EGA eta 4.a barne, auto-ikaskuntzea, on-line ikastaroak, mintzamena lantzeko praktika jarduerak, lan mundua euskalduntzeko egitasmoak, itzulpen zerbitzua, irakur zaletasuna sustatzeko AIZU! aldizkaria.... Ganera, diru-laguntzinoak be badirala gogorarazo dabe AEKren arduradunek, alde batetik, udal askok emoten dituenak eta, bestetik, Eusko Jaurlaritezak HABEren hizkuntz eskakizunak gainditzeagaitik eskaintzen dituanak.
Era berean, kanpainearen euskarrietako bat izango dan spot laburra aurkeztu dabe, AEKren mezua bikain jasoten dauena. Segundo gitxiko istorioan protagonista Sara Cozar aktorea da, AEKn ikaslea izandakoa. Sara Cozarrek berak aurkezpenean azpimarratu dau oso gustura egon zala orain urte bi AEKren euskaltegi batean, eta gainera, haren helburua oso azkar bete ebala, hau da, EGA agiria eskuratzea.
Ikasleei aitamen berezia egin deutse AEK-k, eta bertan Jabi Delgado be izan da, Portugaleteko Xaribari AEK Euskaltegiko ikasle ohia, euskahalduna. Holan, 19. Korrikak itxitako berbea gogora ekarri dabe eta datorren ikasturtearen atarian, herritar horreen ahalduntzea zoriondu dabe AEK-koek. Euskerea jakin ez, ahaldundu eta euskera ikastea lortu eban jentea. Euskerea ikasi eta euskeraz biziteko kapaz diranek rol garrantzitsua jokatzen dabe eta euren ahalduntzea, euren euskahalduntzea, eredu parebakoa da beste herritar askorentzat, azpimarratu dabe.