Donostiako 63. Zinemaldiaren harian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAE Fundazinoak filmetako musika emonaldia aurkeztu dabe gaur. Zinema Musikea ekimena Belodromoan izango da, irailaren 19an, zapatuan, eguerdiko 12:00etan, eta ez Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan, aurreko bi urteetan izan dan legez. Sarrerak doban izango dira baina konbidapena jasotea nahitaezkoa da, irailaren 12tik 18ra, Zinemaldiaren informazino guneetan, hau da, Kursaal Gunean, Okendo Enparantzan eta Udal Turismo Bulegoan. Agertoki aldaketeak dimensino zabal eta handiagoa emongo deutso: danetara 2.500 jarleku izango dira eta 400 metro koadroko proiekzino pantaila erraldoia. Modu sinbolikoan baino ez bada be, badago ekarpenik, Belodromoa Zinemaldiaren gunerik esanguratsuenetakoa dan neurrian, hain zuzen be.
Hainbat SGAE kideren obrak jasoten ditu aurreikusitako programeak, hau da, Alfonso de Vilallonga, Fernando Velázquez, Joan Valent, Pascal Gaigne edo Alberto Iglesias maixuen lanak, Pablo Bergerren Blancanieves, Oskar Santosen Zipi y Zape y el club de la canica, Alex de la Iglesiaren Las Brujas de Zugarramurdi, (Donostiako Orfeoiagaz batera kasu honetan), Jon Garaño eta Jose Maria Goenagaren Loreak, eta Pablo Maloren Lasa eta Zabala pelikulatan; baita Pedro Almodovarren Todo sobre mi madre, Hable con ella, La mala educación eta La piel que habito film luzeetako doinuak. Ikusentzunezkoak be aparteko garrantzia izango dau musika emonaldi berezi honetan, izan be, Roman Gottwalden zuzendaritzapean joko dauen Orkestrearen doinuakaz batera, filmetako irudiak eta eszenak proiektauko ditue aitatu pantailan. Horregaz guztiagaz batera, Belodromoaren agertokitik bertatik hainbat autore-sortzaile pasauko dira.
Euskadiko Orkestrea eta SGAE Fundazinoa, zinemeagaz bat
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zinemeagaz dituan hartu-emonak sarritan ikusi eta entzuterik izan da, berbarako, Donostiako Zinemaldian jorratu izan diran filmetako musika emonaldiakaz. Adibidez, Carmelo Bernaolaren musikea eben The crowd (King Vidor), edo eta Wings (Zamecnik) film mutuen kasuak. Filmetako musikak ardatz hartuta ugari izan dira ekimenak urteotan, berbarako, Lalo Schifrin argentinarraren zuzendaritzapean Misión imposible filmaren interpretazinoa. Grabazinoak be asko dira: 1991 eta 1992. urtteetako Zinemaldietako sintoniak, adibidez. 2012ko Zinemaldian, Juan Antonio Bayonaren Lo imposible filmako musikea zuzenean estreinau eban, hau da, Fernando Velázquezek sinatutako konposizinoa. Orkestreak musikagile horren konposizinoak aurretik interpretatuak bazituan dagoeneko, 2010ean, El mal ajeno film luzeko musikea grabau ebalako.
Zinema Musikea: musika emonaldia & proiekzinoa
Irailak 19, zapatua, 12:00etan, Donostiako Belodromoan
- Musikagilea: Alfonso de Vilallonga. Blancanieves (Pablo Berger).
- Musikagilea: Fernando Velázquez. Zipi y Zape y el club de la canica (Oskar Santos).
- Musikagilea: Joan Valent. Las Brujas de Zugarramurdi (Álex de la Iglesia) / Donostiako Orfeoiaren parte-hartzeagaz.
- Musikaegilea: Pascal Gaigne. Loreak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga) / Lasa eta Zabala (Pablo Malo).
- Musikaegilea: Alberto Iglesias. Todo sobre mi madre, Hable con ella, La mala educación, La piel que habito (Pedro Almodóvar).