Donostia 2016k karta zuria emon deutse Esther Ferrerri, Anjel Lertxundiri eta Jone San Martini

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 4a, 00:00

Donostia 2016ren Karta zuriak proiektuak erabateko askatasuna emon deutse uriari lotutako hiru sortzaileri proposamen kultural bana egin deien, honako gaiak ardatz hartuta: alkartrukea, alkarrizketea ezagutza tresna legez eta enpatiaren garapena. Jarduerok DSS2016EUko programan jasoko dira.

Esther Ferrer (arte bisualak eta performancea), Anjel Lertxundi (literaturea) eta Jone San Martin (arte eszenikoak) izango dira parte-hartzaileak. Programazinoaren ekimena arte-sortzaile ezagunei lagateko jarduna ohikoa da kultura-jaialdi eta ekitaldietan, eta Donostia 2016k inspirazino lez hartu dau bere Alkarrizketak lerroa osotzeko eta aberasteko; ekimenaren horren helburua da Europako Kultura Uriburua bere inguruko kultura-eragileakaz lotzea alkarlan proiektuak sortzeko.


Ferrerrek, Lertxundik eta San Martinek honako ekintza honeek diseinau ditue Donostia 2016rako:

Esther Ferrer

Esther Ferrer diziplina anitzeko artistak hiru proposamen aurkeztu ditu, Donostia 2016ren baloreak oinarri hartuta eta 2016ko zezeilean, martian eta garagarrilean zehar egingo diranak. Nire bizitza kontauko dizuet komunikazinoaren inguruko performancea da; persona gorrek eta hiztunek parte hartuko dabe bertan, helburua izanik hizkuntzearen alderdi bisuala eta entzunezkoa buztartzea. Bigarren ekintzan, Ibiliaz egiten da bidea, Donostiako kanpoaldean bizi diran kolektiboek zenbait ibilbide eregi eta ibiliko ditue: periferia izango dabe abiapuntu eta helmugea uriaren erdigunea izango da. Poesiaren ibilaldia herritarren eta poeten literatura-prozesino lez sortu da: oihartzun poetikoak dituen Donostiako lekuak bisitauko ditue (poetak jaio ziran eraikinak, poeten biltokiak, etab.), eta poesia ozen irakurriko dabe.


Anjel Lertxundi

Witold Gombrowicz eta Czeslaw Milosz idazle poloniarrak arduratzen zituan gai bati heltzen deutso Anjel Lertxundik bere proposamenean, hau da, etorkizun ziurrik bako hizkuntzetan idazten daben autoreen lana. Beren lan hizkuntzea desagertu daitekeela inoiz pentsau ez daben idazleei gogoetea eragin nahi deutse oriotarrak, honako gaia ardatz hartuta: hizkuntza hegemonikoek baino askoz komertzializazino eta potentzial urriagoa daben hizkuntzetan sortutako literaturearen iraunkortasuna. Europako hizkuntza hegemonikoetan idazten daben bost idazleri zuzenduko jake Lertxundi, eta eskatuko deutse berbaldi bat emoteko edo bere gogoeten inguruko pieza literarioa idazteko. Etorkizun ziurrik bako hizkuntzetako literaturea aberasten daben kideen lekuan jarriko dira idazleok. 2016ko neguan aurkeztuko dira proiektuak izango dituan bi emoitzak: alde batetik, bost lanak batuko dituan euskerazko argitalpena; bestetik, parte hartu daben idazleak batuko dituan jardunaldia.


Jone San Martín

Jone San Martinek bost obra ekarriko ditu Donostiara 2016ko urrian, eta horreen guztien loturea William Forsythe koreografo ospetsua da; izan be, berorregaz hogei urte baino gehiagotan ibili da lanean jantzari donostiarra. Bere karta zurian, Forsythe eta honen hurrekoak diran artistak hartzen ditu barne San Martinek, eta bere burua eskaintzen dau horreen arteko zubi legeza, konstelazino harmoniko bat sortzea helburu. Koreografo donostiarraren proposamenak, alde batetik, hiru sorkuntza-lan aurkeztuko ditu: Forsythe berarena bat, S.A.D. eta Shyne Oliverena bigarrena, eta San Martinek DSS2016EUrako sortutakoa hirugarrena. Azken honen ardatza bat-batekotasuna izango da, eta jantzea eta bertsolaritzea buztartuko ditu. Gainera, egun lankide dauen Berlingo Dance On konpainia be konbidauko dau; zehatz, Forsythegaz trebatu diran eta berrogei urte baino gehiago dituen jantzari eta koreografoek osotzen dabe konpainia hori. Era berean, eta Espainian lehenengoz, Legítimo/Rezo bakarkako lana aurkeztuko dau, Forsytheren anotazinoetatik abiatzen dana.

Osorik irakurri