Arabako XXXIII. Antxinako Musika Asteak lau kontzertu eskainiko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 7a, 00:00

Arabako XXXIII. Antxinako Musika Astea Gasteizko Santa Maria katedralean izango da martitzenetik barikura (8tik 11ra) bitartean eta lau kontzertu eskainiko ditu. Emonaldi bakotxerako 630 sarrera eskuragarri dagoz, doban, katedralean bertan, 17:00etatik aurrera. Kontzertuak 20:15ean hasiko dira.

Igone Martínez de Luna, Euskera, Kultura eta Kirol Saileko foru diputaduak adierazo dauenez, Arabako XXXIII. Antxinako Musika Asteagaz amaiera ezin ederragoa emongo deutsagu hitzordu musikal handiakaz igaro dan uda honi, gure lurraldean kultureak dauen osasun onaren erakusgarri.

Aurtengo edizinoan bertoko musika taldeak izango dirala nabarmendu dau foru diputaduak, oso kalidade handikoak, izan be, ez dago urrun joan beharrik musikari ospetsuak topetan, egunotan katedralera hurreratuko diranek erakutsiko dabenez. Jaubetuko gara zelako musikari bikainak doguzan gure lurraldean antxinako musikearen arloan be, gaineratu dau.

Kontuak kontu, martitzenean, irailaren 8an, Euskal Barrokensemble taldeak hasiko dau jaialdia. Enrike Solinisek sortu eta zuzentzen dauen taldeak Euskal Herriko musika ondarea erakutsiko deutso Arabako publikoari. Taldea, besteak beste, bi gasteiztarrek osotzen dabe, David Sagastume kontratenoreak eta Daniel Oyarzabal organo jotzaileak, hain zuzen be.

Arabako Antxinako Musika Asteko bigarren kontzertua, eguaztenekoa, irailaren 9koa, Boscareccia taldeak emongo dau. Gasteizen bizi dan Andoni Mercero musikari donostiarrak zuzentzen dau taldea, eta Dulze Acento kantutegia aurkeztuko dau, Corselli italiar barrokoko musikagile Capilla Real dalakoan maisu izan zanaren errepertorioa, hain zuzen.

Eguenean, irailaren 10ean Impetus taldea izango da protagonista, Yago Mahugogaz. Musikari historizisten artekoa da Mahugo.

Zikloa amaitzeko, barikuan, irailaren 11n, Real Camara taldearen emonaldia izango da. Emilio Morenok sortu eban taldea, eta José de Castro musikari eta biolin jotzaile barrokoaren irudia gogora ekarri eta nabarmenduko dau.

Osorik irakurri