Espainiako Zinema Akademiak Oscarretara zein film aurkeztuko dauen aukeratzeko lehen hautaketea egin dau, eta gaur emon dabe hiru finalisten barri Jesus Castro eta Adriana Ugarte aktoreek: Loreak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariena, euskerazko lana, Magical Girl Donostiako igazko Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea eta Felices 140 Gracia Querejetaren lana; hiru horreetako bat izango da Espainiako Akademiaren izenean 2016ko Oscarretarako lehian.
Irailaren 29an iragarriko dabe, Antonio Resines Akademiako presidenteak aurreratu dauenez, hiru film horreetako zein bialduko deutsien Hollywoodeko Akademiari, AEBko zinemearen sari handietarako hautagaien artean aintzat hartu daian.
Loreak 2014. urtean Jon Garaño eta Jose Maria Goenagak idatzi eta zuzendutako euskal filma da. Igazko Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean izan zan, historia osoan euskerazko bigarren filma izanik; leehenengoaa Ke arteko egunak izan zan 1989an.