Lurreratu eta segundu batzuk nahikoa dira jaubetzeko lurraldean Txinako bost izar beilegi dituan bandera gorria ikusi arren, Xinjiang eskualdea beste gauza bat dala. Etnia nagusiaren begi zeihar eta arpegi biribilik ia ez dogu ikusiko eta turkiar jatorriko eta erlijino musulmaneko uigur etniaren arpegiera gogor eta mendebaldartutakoak nagusi dira. Txinako urietan bazter guztiak jaten dituan gris kolorea desagertu eta Taklamakán basamortuko okre edo gorri-horiak eta Kazajistáneko muga inguruetako berdea sano deigarriak dira. Zeruak, ganera, Asiako erraldoian ia galarazota daukan urdin sendo eta argia berreskuratzen dau.
Duda barik, Txinagaz zerikusirik ez dauen mundua da. Pekinek herrialde osorako zehaztutako ordu ofizialak be ez dauka hemen indarrik, izan be, Txinako uriburutik Xinjiangeko mendebaldeko muturrera 4.000 kilometro dagoz eta ofiziala ez bada be, Txinan baino ordu bi atzerago doaz. Hori bai, kontu handia izan behar da garraiobideren bat hartu nahi dogunean, txarteletan erregimen komunisteak zehaztutako ordutegi ofiziala adierazoten baita.
Edozelan be, aireportutik uriaren erdialdera bitarteko bidaia egiten dogunean be konturatzen gara Xinjiangen makinatxu bat arazo izango doguzala.
Terminaletik urten barik bidaiariok hiru kontrol zorrotz pasau behar doguz eta identifiketeaz gan, goitik behera miaketea egingo deskue. Ganera, armaz josita dagozan talde berezietako soldaduek hur-hurretik jagoten deuskue. Hori gitxi ez balitz, eskualdean zehar edonon topauko doguz poliziaren kontrolak tanke eta enparauakaz eta beste behin oso hur sentiduko doguz fusil erdiautomatikoak. Bateren batek iges egiteko amesik baleuko, asfaltoan untzeak be agiri dira.
Xinjiangek bizi dauen egoerea eta Tibetekoa oso antzekoak dira. Uigur etniakoen artean independentziaren aldeko mobimentuak be sortu dira eta Alderdi Komunisteak ezartzen deutsen menpekotasun ekonomiko eta kulturala salatzeaz gan, Txinan hainbat eraso egin ditue. Kashgar uri zaharrean bikain ikusten da hori, sasoi batean Asia Erdialdean kulturearen erdigune garrantzitsuenetakoa eta Setaren Ibilbidean ardatza izan zan eta gaur egun, barriz, probintziako mendebaldeko muturrean kokatuta eta orain 2.000 urte inguru egurrez eta pezoz eregia hondamendian dago, indusmakinak sartu eta bazterrak hondatzen hasi dira.
Agintariek dinoe etxebizitza gehienek ez dituela gitxieneko segurtasun baldintzak beteten sute eta lurrikarei aurre egin ahal izateko eta, beraz, eraikin zaharren % 85 botatea aurreikusten dauen urigintza plangintzea onartu dabe. Etxe zahar horreen ordez hasi dira honezkero zahar etxurako hormigoizko blokeak agertzen. Horixe da Txinaren estrategia, mendeak dituen eta balio historiko handiko lekuak turismorako parke bihurtzea, hain zuzen be. Zorionez oraindino badagoz jatorrizko uri zaharraren aztarna batzuk baina bisitau gura izan ezkero, azkar joatea komenidu da ze urte bi barru edo han ez da ezer geratuko.
Halan da be, nekazaritza-inguruetan, biziteko egokiak izan ez arren, luzaroan eutsiko deutsie exostismoari eta paisajearen edertasunari eta hori guztia Kashgaretik pare bat orduan kotxez. Mendiak baino mendikateak dagoz hemen eta hatxarteak Marte planetan girotutako film batekoak emoten dabe. Lurra gorri-gorria da eta mendi tontor altuenetan, barriz, edurra ikusten da. Noizbehinka personaren bat agertzen da meskita inguruetan baina hori ez da normalena izaten. Artaldeetan be ez dago artzainik. Hemen naturea garbia, basatia eta ikusgarria da. Jentea ikusi gura izan ezkero, domeketako azokara joatea nahikoa izango da. Merezidu dau Kashgaretik azokea egiten dan lekura bitarteko 25 kilometroak egin eta eskualdeko abeltzainen ikuskizuna hurretik ikustea; okasinorako ondo garbitu eta apaindutako abereak eroaten ditue, ardiak, behiak, astoak eta gameluak be bai. Lehenaldira bidaia ederra da eta ganera okela freskoagaz egindako pintxoak probau ahal izango dozuez. Dana dala, espaloian ikusgai jarten dituen hildako artxoen buruak ez dira ez ikuskizun ederra.
Naturea maite dabenek nahitaez jo beharko leukie Kazajistángo muga inguruko Kanas lakura eta horrezaz ganera, paraje horretako etniak nomada bizimodua darabil eta euren kolore eta ohitura eta tradizinoakaz be gozauko dabe bisitariek. Halan da be, inguru horrek Txinako turismoa erakarri dau eta dagoeneko ez da hain gozagarria eta lasaia, izan be, turistaz ganezka heltzen diran autobusen eta souvenir denden ugalketearen eraginez, irudia asko aldatu da. Txinako garapen ekonomikoak ekarri dau egorea barri hori eta gatxa izan arren, oraindino posible da gida baten atzetik doazen persona taldeak bazterrean ixtea; erremedio onena da lekurik ezagunenetara ez joatea edo leku horreetara joateko beste bide batzuk erabiltea.
Turpan uria oasia da, benetan ederra eta gomendagarria, bertan egiten dabe Txinako ardaorik ospetsuena. Ganera, bertatik 7 bat kilometrora Jiaoheko aztarnak bisitau daitekez jente larregi barik. Orain 2.000 urte inguru gotorleku moduan eregitako eta 6.000 lagun ingururen bizitokia zan herriko kaleetan hara eta hona ibili daiteke ezelako traba barik. Munduan diran uri zaharren artean ondoen konserbetan dan uria da, Xinjiangera doazenek bisitetan ez daben uria, Txina ez dan Txina baten erakusgarri.