Zeanuriko Ipiñaburu gaztandegiak irabazi dau Ordiziako Gaztai Txapelketearen 42. edizinoa. Besteak beste, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Elena Arzak eta Hilario Arbelaitz sukaldariek eta Jon Plazaola aktoreak osotutako epaimahaiak Zeanuriko gaztaia aukeratu dau Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroatik heldutako 48 gaztaien artean. Catalana Occidentek 7.600 euro pagau ditu gaztai erdiaren truke. Igaz Ampo kooperatibeak 13.050 euro pagau zituan, orain arteko errekorra.
Ipiñaburuko Jon Etxebarria pozik agertu da saria irabazi dabelako, orain hiru urte bezela: Gaztai ketua da, eta zezeilaren 28an egin genduan, Bizkaian udabarria danean. Urduri nengoan, baina orain lasaitu naz, adierazo dau. Bere emazte Puri Arrietak, barriz, kontsumitzaileak eskertu eta esne produktoreak gogoratu ditu, txarto pasetan dagozalako.
Era berean, Catalana Occidenteren izenean, Juan José del Cañok gogorarazo dau orain hiru urte be erosi ebela gaztai irabazlea eta gaztandegi bera izan zala gaztaia egin ebana.